EITB DATA

Arrantza-jarduera, gainbeheran: erdira murriztu da 20 urtean

EITB Media

Leer en Castellano

Gaur egun, 187 ontzi inguru aritzen dira lanean Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan, duela bi hamarkada baino 370 bat ontzi gutxiago. Arrantza sektoreko eta arrandegi tradizionaletako langileen kopuruak ere behera egin du.

Argazkia: EITB. Argazkia: EITB.

Argazkia: EITB.

EAEko arrantza-sektoreak urteetan dabil egoera zailean, jarduera eta enplegua galtzen. Elikadura-ohiturak aldatu egin dira, eta arrain-kontsumoa jaitsi egin da. Horrek guztiak sektorean diharduten pertsonen kopuruan ere eragina izan du.

Horrela, EITB Dataren azken txostenak dakartzan datuen arabera, azken bi hamarkadetan erdira murriztu da Gipuzkoan eta Bizkaian arrantzan aritzen diren ontzien kopurua; 2003an 370 ontzi baino gehiago izatetik 2023an 187 ontzi inguru izatera igaro dira. Ondorioz, eskifaiak % 48 egin du behera; 3.568tik 1.885era.

Gauza bera gertatzen da gure herri eta auzoetako arrandegi tradizionalen kopuruarekin. % 42,6 jaitsi da 2008. urtetik, eta 942 izatetik 2024an 541 izatera igaro da. Gainera, jaitsiera etengabea izan da azken bi hamarkadotan. Izan ere, Espainiako Estatuko 10 etxetik 7tako kideek onartzen dute arraina supermerkatuetan erosten dutela. Ondorioz,  betiko arrandegietan erosten den arrain kopuruaren ehunekoa % 20tik % 16ra jaitsi da, hamarkada batean.

Alabaina, Enrique Legardak, Gipuzkoako Arrandegien Elkartearen presidenteak, ez du uste auzoetako arrandegiak desagertuko direnik, eta bizirauterako gakoa espezializazioa delakoan dago. Erretiroa hartu berri duen Nekane Garmendiaren aburuz, bezero gutxiago badituzte ere, negoziook badute etorkizuna oraindik.

Portuetara itzulita, EAEko flota baxurako arrantzan aritzen da, batez ere. Itsasontzien % 78k (145) kostaldetik gertu arrantzatzen dute, eta 1.100 arrantzale inguru enplegatzen dituzte. Batik bat, honako espezie hauek harrapatzen dituzte: antxoa (lehorreratzen denaren % 35,5), berdela (lehorreratutakoaren % 26,4), hegaluzea (% 14,9) eta sardina (% 13,4).

Baxurako harrapaketa nagusiak. Argazkia: EITB.

Baxurako ontziek gehien harrapatzen dituzten arrainak lonjan merkeen saltzen direnak izan ohi dira; beraz, esan daiteke baxurako arrantzak alturakoak baino errentagarritasun txikiagoa duela. Hala, legatzak eta atun gorriak, esate baterako, oso presentzia txikia dute arrantza-mota horretan, baina lonjan batez besteko preziorik handiena lortzen duten arrainak dira: 10,94 €/kg, hegalaburrak eta 5,52 €/kg, legatzak.

Iaz, hegaluzearen lonjako batez besteko prezioa 4,15 €/kg izan zen. Baxurako gainerako ohiko espezieak merkeagoak dira: 1,50 €/kg, antxoak; 1,28 €/kg, berdelak eta 0,67 €/kg, sardinak.

Baxurako arrantzaz gain, alturako arrantza freskoan aritzen diren 16 ontzi daude EAEko portuetan, eta ia 200 arrantzaleri ematen diote lan. Alturako urruneko arrantzan 26 ontzi aritzen dira, 650 arrantzalerekin.

Hiru arrantza-motetan nabaritu da beherakada azken bi hamarkadetan, bai itsasontzien kopuruan, baita eskifaiaren kopuruan ere.

Gipuzkoan baxurako arrantza izaten da nagusi. Bi portu esanguratsuenak Getariakoa eta Hondarribikoa dira, eta, batik bat, hegaluzea sartzen da horietara. Bi horietako ontzien artean egiten da espezie horren arrantzaren % 79. Bizkaian, alturako ontzi gehiago daude. Lurralde horretan, Bermeoko eta Ondarroako portuak dira nabarmentzekoak eta horietan arrain espezie ugari sartzen da.

Gipuzkoa eta Bizkaiko portu nagusiak. Argazkia: EITB

Albisteak (3)