Itxi

Industria

Bridgestonek 335 behargin kaleratuko ditu Basauriko lantegian

EITB Media

Leer en Castellano

Zuzendaritzaren arabera, "ekoizpen egitura moldatu" behar du, "gurpilen Europako merkatuan izaten ari diren gorabeherak direla eta". Basauriko lantegia aldi baterako lan-erregulazioan izan da 2023ko abendutik atzora arte.

Bridgestonek Basaurin duen lantegia. EFE

Bridgestone Hispania Manufacturing gurpil fabrikatzaileak iragarri du 335 kaleratze egingo dituela Basaurin (Bizkaia) duen lantegian, konpainiak ohar bidez jakinarazi duenez. Guztira, 831 behargin ari dira lantegi horretan, eta, hortaz, langileen % 40ri eragingo lioke neurriak.

Basauriko lantegian gehiengoa duen CCOO sindikatuak baieztatu berri ditu datuak. Langile-batzordeak enpresari "gogor" jokatzea eta langileekin "enpatia falta" izatea egotzi dio.

Zuzendaritzak argudiatu duenez, "gurpilen Europako merkatuan izaten ari diren gorabeheren" ondorioz konpainiaren "ekoizpen egitura moldatu" behar du, eta hori dela eta iragarri du kaleratze kolektiboa.

Neurriak Bizkaiko lantegiari eta Puente San Miguel herrian (Kantabria) duen fabrikari ere eragingo die. Gogora ekarri behar da Basauriko eta Usansoloko lantegiak aldi baterako lan-erregulazioan zeudela 2023ko abendutik, eta hain justu, atzo bukatu zela espedientea.

Zuzendaritzak oharrean azaldu duenez, "nekazaritza, kamioi eta autobusen pneumatikoen sektoreak atzera egin du nabarmen erronkaz betetako testuinguru makroekonomiko baten ondorioz, eta inflazioak, ziurgabetasunak eta araudian izandako aldaketek eraginda". Nabarmendu dutenez, egoera horrek eta "Europakoak ez diren fabrikatzaileen izan duten igoerak" lehia handitu dute. Horren aurrean, bada, konpainiak uste du "beharrezkoa" dela "ekoizpen-egitura moldatzea" lehiatu ahal izateko eta "merkatuaren errealitate berriarekin bat egiteko".

Konpainiak, dioenez, "jakin badaki" kaleratze kolektiboak langileen artean eragin dezakeen "ziurgabetasuna eta kaltea", eta azpimarratu du prozedura "ahalik eta modu arduratsuenean eta errespetuzkoan" burutuko duela.

Bridgestonek bi lantegi ditu Bizkaian; bata, Basaurin, eta bestea, Usansolon. Horrez gain, biltegi bat du Igorren.

Langile-batzordearen erantzuna

Bridgestonek Basaurin duen lantegiko beharginen batzordeak enplegu-erregulazioko espedientea gaitzetsi du, eta enpresari "gogor" jokatzea eta langileekin "enpatia falta" izatea egotzi dio. Gainera, "neurri gogor, zorrotz eta traumatikoa" dela adierazi du, "etorkizuneko mezurik eta plan industrialik gabekoa".

Igor Mena CCOOk Brigestone Basaurin duen atal sindikalaren idazkari nagusia eta langile-batzordearen kidea da eta, nabarmendu duenez, langileek "aspalditik" sumatzen zuten konpainiak ez zuela "enpleguaren aldi baterako espedientetik" eta "merkatuaren jaitsieratik ateratzen lagunduko zuen neurriren baten alde egiten, nolabait salmentak sustatuz".

Igor Menak ziurtatu duenez,"oso neurri gogorra da, eta ez du inolako enpatiarik erakusten ez langileriarekin ez inguruko errealitate sozialarekin ere". Langileek "enpresak eskatutako guztia" bete dutela ohartarazi du langileen ordezkariak.