Lehen meza
Frantzisko: 'Gurutzerik gabe bide egiten dugunean munduzaleak gara'
Erredakzioa
2013/03/15
Aita santua Erromako Santa Maria basilikara joan da otoitz egitera goizeko lehen orduan. Ondoren konklabea hasi baino lehen ostatu hartu zuen egoitzara joan da eta kontua ordaindu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Kristoren Gurutzerik gabe ibiltzen, onbideratzen eta aitortza hartzen dugunean, munduzaleak gara, baina ez Kristoren dizipuluak", esan du Frantzisko aita santuak bere aurreneko sermoian, Kapera Sixtinoan italieraz emandako mezan.
Horregatik, "Gurutzearekin bide egiteko kemena izan behar dugu, eta Eliza Kristoren odolaren gainean eraikitzeko kapaz izan behar gara, eta haren loria bakarra aitortu: Kristo gurutzatua", erantsi du pontifizeak. Frantziskoren hitzetan, Eliza Jesus aldarrikatzeko gai ez bada "gobernuz kanpoko erakunde gupidatsua bihurtuko gara, baina ez Jaungoikoaren emaztea".
Frantzisko aita santua bere aitasantutzaren aurreneko meza ematen ari da Kapera Sixtinoan. Atzo Erromako patriarka aukeratu zuten 114 kardinalek eta laurogei urte beteak dituzten purpuradunek lagundu dute.
Lehenago, Frantzisko Erromako Santa Maria basilikara joan da otoitz egitera, goizeko lehen orduan. Aitasantutzako aurreneko eguna ekitaldi horrekin hasi du Benedikto XVI.aren ordezkoak.
Jorge Mario Bergoglio argentinarra Ama Birjinaren aldarearen aurrean otoitzaldi pribatua egitera joan da Erromako basilikara, Italiako komunikabideek jakitera eman dutenez.
Ekitaldi pribatu laburrean, George Gaenswein Aita Santuaren Etxeko prefektua eta Leonardo Sapienza prefektuordea izan dira.
Basilika Italiako hiriburuaren erdialdean dago, eta Erromako gotzaina hegaleko sarrera batetik sartu da tenplura. Basilikara auto ofizialean heldu da. Italiako Poliziako bi motor-gidarik eskolta eman diote.
Ordaindu egin du
Ondoren, konklabea hasi baino lehen erabili zuen ostatura joan da pontifizea, maleta hartu eta kontua ordaintzera. "Etsenplu emateko" egin duela azaldu du Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak.
Konklabearen ostean eta aita santu izendatu eta gero, Frantziskok Santa Marta egoitzan hartu du ostatu, Vatikanoan.
Gaur, mezaren ostean, Vatikanoko Jauregi Apostolikora joango da, eta egoitza prest uzteko lanak hasiko dituzte.
Asteazkeneko afarian
"Barka diezazuela Jainkoak egin duzuena", esan zien Frantzisko aita santuak kardinalei, umorez, Santa Martako egoitzan, asteazkeneko afarian, Lombardik gaur jakitera eman duenez.
Aita santua Castel Gandolfora joatea ez dutela aurreikusi esan du Lombardik.