Itxi

Meza Erroman

Aita Santuak genozidiotzat jo du armeniarren sarraskia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

2022/02/21

Turkiako Gobernua "haserre eta triste" azaldu da eta nuntzioa deitu du. Turkiak ez du inoiz "genozidio" hitza erabili I. Mundu Gerran izandako milioi eta erditik gorako armeniarren heriotza azaltzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Frantzisko aita santuaren hitzetan, Otomandar Inperioak armeniarren aurka egindako sarraskia "XX. mendeko lehen genozidioa izan da". Triskantza horren 100. mendeurrenaren harira gaur Erroman egindako mezan egin ditu Frantziskok adierazpen horiek.

"Joan den mendetik, gizakiak hiru tragedia handi bizi ditu. Lehena, 'XX. mendeko lehen genozidio' bezala ezagutzen da, eta zuen herria bera astindu zuen", esan die aita santuak bertan bildutakoei, San Pedroko basillikan mezaren hasieran. Meza horretan Serzh Sargsyan Armeniako presidentea izan da.

"Gainerako biak nazismoak eta estalinismoak egindakoak dira", gaineratu du. "Eta duela gutxi, hilketa kopuru handia, esaterako, Kanbodian, Ruandan, Burundin eta Bosnian izandakoak. Ematen du gizakiak ezin diola odol errugabea isuritzeari utzi", deitoratu du.

"Gaizkia ezkutatzea edo ukatzea zauri bat odoletan uztea bezalakoa da", azpimarratu du aita santuak. Gaurko mezan, gainera, Nerses Bedros XIX Tarmouni patriarka armeniarra izan da, eta hainbat errito tradizional armeniarrar egin dituzte.

Deklarazio horren ondorioz, litekeena da Turkiarekin konfrontazioa izatea, Gobernu horrek ez baitu inoiz "genozidio" hitza erabili I. Mundu Gerran izandako milioi eta erditik gorako armeniarren heriotza azaltzeko.

Turkiako Gobernuak hildakoen kopurua nabarmen murriztu du, eta nazioarteko gatazka batean kokatu nahi izan du jazoera. Halaber, armeniarrak garbitzeko asmo argia ez zuela nabarmendu du.

Turkiaren erantzuna

Vatikanok Ankaran duen nuntzioa deitzea erabaki du Turkiako Gobernuak, aita santuak Armeniako "genozidioa" aipatu ostean.

Mevlüt Çavusoglu Atzerri ministroarekin kontsulta egin eta gero hartu du erabaki hori Gobernuak, "Hürriyet" kazetak jakinarazi duenez. Çavusoglu Mongolian dago, bisita ofizialean.

"Genozidio" hitzaren erabilerak "haserrea eta tristura" eragin du Turkiako Gobernuan, eta "konfiantza galtzeko bidea ireki du", Antonio Lucibello Vatikanoko nuntziori Gobernuak emandako erantzunaren arabera.

Ankarako Gobernuaren arabera, Frantziskoren hitzak "egia historikotik urruntzen dira", eta alde bakarreko iritzia azaltzen du, "Hürriyet" kazetak jaso duenez.

Lehenengo Mundu Gerran izandako armeniarren "deportazio jendetsuek egoera krudelak eragin izana" aitortu eta deitoratu du Turkiak, baina "genozidio" hitza erabiltzeari uko egin dio.

12 egun baino ez dira geratzen armeniarren aurkako triskantzaren mendeurrena ospatzeko, datorren apirilaren 24ean. Egun horretarako ekitaldi pribatuak iragarri dituzte Estambulen bizi diren armeniarrek. Gobernuak, berriz, gogora ekarriko du Otomandar Inperioaren Armadan turkiarrek eta armeniarrek batera borrokatu zutela.