Itxi

Bi urteren ostean

Iñigo Cabacas plataformak 'hilketak' zigor gabe jarraitzen duela dio

Erredakzioa

2014/03/31

Gainera, erantzukizunak ez direla gain hartu eta epaiketak "ia ez duela aurrera egin" salatu dute. 22.000 sinadura erakutsi dituzte Ertzaintzako buruzagi berria kargutik kentzea eskatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Gogoan herri-ekimeneko kideek astelehen honetan azaldu dutenez, Iñigo Cabacasen "hilketak" "zigorrik gabe izaten jarraitzen du", eta erantzukizun politikoak eta Ertzaintzan eredu polizialean aldaketa bat egiteari buruzko euskal gizartean eztabaida bat irekitzea eskatu dute.

David Antonio Gonzalez eta Vania Lozano plataformako kideek agerraldia egin dute, Eusko Legebiltzarreko Instituzioetako, Segurtasun eta Justizia batzordean, Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko ematen ari diren pausoei inguruko kezkak azaltzeko.

Gonzalezek eta Lozanok erabilitako "hilketa" hitzak Cabacasen heriotzari buruz hitz egiteko, EAJ, PSE-EE, PP eta UPyD alderdietako legebiltzarkideak mindu ditu bereziki. Horiek hitz hori erabiltzea errefusatu dute, kasua prozedura judizial batean sartuta dagoenean.

Gonzalezek adierazi duenez, eurek ez dute hilketaz hitz egiten termino penaletan eta judizialetan, "kaleko hizkeraren" ikuspuntutik baizik.

Cabacas 2012ko apirilaren 12an hil zen, Ertzaintzaren karga polizial baten buruan gomazko pilota baten kolpea jaso eta lau egunera, Bilboko Maria Diaz de Haro kalezuloan, San Mamesen Athleticen Europako partida baten ostean.

Ana Torres Bilboko 10 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko titularra da kasua eramaten ari dena. Oraingoz, karpa polizialean parte hartu zuten hiru agente inputatu dituzte, baita agindua eman zuen ofizialordea.

Gonzalezek eta Lozanok heriotza mota hauek ez errepikatzeko bermeak eskatu dizkiete politikoei, eta gomazko pilotak erabiltzeko debekua eta indarkeria poliziala ez izatea eskatu dute.

Halaber, Cabacas auzian erantzukizunak ez dela gain hartu eta epaiketak "ia ez duela aurrera egin" salatu dute.