Bigarren urteurrena
Manuel Cabacas: 'Nire semea bezala, gu ere hilda gaude'
Eriz Lotina | eitb.com
2014/04/05
Iñigo Cabacasen senideek eta lagunek lore eskaintza egingo dute Maria Diaz de Haro kalean, larunbat honetan, eguerdian. Manifestaldi bat abiatuko da Jesusen Bihotza plazatik 18:00etan.
"Gu ere, nire semea bezala hilda gaude", adierazi du Manuel Cabacasek, Iñigo Cabacasen aitak, Radio Euskadi irratian. Athleticeko jarraitzaile gaztearen aita 'Ganbara' saioan elkarrizketatu dute. Cabacas hil zutenetik bi urte beteko dira larunbat honetan.
"Esnatzen naiz eta guztia amesgaiztoa izan dela uste dut, semea albora itzuliko dela uste dut", azaldu du. "Oso gaizki gaude, ni eta nire emaztea tratamendu psikiatrikoa eta psikologikoa jasotzen ari gara", erantsi du.
Cabacasen aitak politikariak eta erakundeak gogor kritikatu ditu. "Erakundeek eta politikariek huts egin didate, hasieratik gaurdaino; ez bakarrik huts egin, engainatu didate, oso minduta nago", adierazi du. Manuel Cabacasek familiaren jarrera goraipatu du, "eredugarria" izan delako.
Biktimaren aitaren hitzetan, senideek ez dute auzia politizatu nahi. "Hitz ez egitea zaila da, baina senideek eta abokatuak ez dugu gaia politizatu nahi, hasieratik hori eskatu genuen", azaldu du. "Politika egin nahi izango bagenu, Pilar Urbanok erregeari buruzko liburua idazteko baino argudio gehiago ditugu", gaineratu du.
Azkenik, Manuel Cabacasek prozesu judiziala baloratu du. "Epaileak borondate ona duela uste dut, baina borondate onarekin ez da nahikoa, inputatzeko ausardia behar da", esan du. "Gaia konplexua da, eta epailearentzako lan handia da; aurrera egiteko bultzatu behar dugu", erantsi du.
Omenaldia eta manifestazioa
Iñigo Cabacasen gurasoek eta lagunek Athleticeko jarraitzaile gaztearen oroimenez ekitaldiak antolatu dituzte larunbat honetan. Horrela, 2012ko apirilaren 5ean larri zaurituta erori zen tokian omenaldia egingo diote.
'Iñigo gogoan' plataformak gertakariak jaso ziren tokian omenaldia deitu du eguerdirako, Maria Diaz de Haro kalezuan. Arrtsaldean manifestazio batek justizia eskatuko du; izan ere, auziak epaitegietan jarraitzen du.
Senideek lore eskaintza egingo diote. Ekitaldian dantzariak izango dira, bertsoak abestuko dituzte eta Manu hildakoaren aitak hitza hartuko du.
Arratsaldean, manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da 18:00etan. Protestak Bizkaiko hiriburuko erdialdea zeharkatuko du Arriaga plazara heldu arte.
Eskakizuna
Euskal herritarren parte-hartzea eskatu dute antolatzaileek. Prozesu judizialaren "geldotasuna ikusita, justizia eskatu behar dugu eta kasua ahaztea saihestu", azaldu dute.
"Herritarren mobilizazioak euskal erakunde guztiak eta Estatua ikerketa bultzatzera eramatea espero dugu; Cabacas familiak bigarren mailako biktimak izateari uzteko", gaineratu dute. Konkretuki, gertakariak argitzeko Fiskaltzaren "lankidetza " eskatu dute instrukzioan.
Albisteak (7)
- Iñigo Cabacas plataformak 'hilketak' zigor gabe jarraitzen duela dio
- Cabacas sendiak NBEra eraman du auzia
- Akusazioak inputazio gehiago eskatu ditu 'Cabacas auzia'n