Itxi

2012eko apirilean hil zuten

Cabacas auziko ikerketan jarritako 'oztopoak' kritikatu ditu EH Bilduk

Erredakzioa

2014/06/03

Koalizioaren arabera, Beltran de Herediak gidatzen duen Sailak ukatu egin du istiluetan Ertzaintzak dituen protokoloak eta jokaerak zehatzen dituen agiriak epaileari bidaltzea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EH Bilduk Iñigo Cabacasen heriotzaren nondik norakoak argitzeko ikerketan Segurtasun Sailak jartzen dituen "oztopoak" eta Justiziarengan duen "mespretxua" salatu ditu.

Julen Arzuaga koalizio abertzaleko legebiltzarkideak agerraldi bat egin du gaur, asteartea, Cabacasen heriotzaren ikerketaren baitan azaldutako "bi hipotesi berri" iragartzeko. Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hildako 28 urteko gazte bat zen; Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen, autopsiak geroago argitu zuenez, Athletic UEFAko finalaurrekoetan izango zela Bilbon ospatzen ari ziren bitartean.

Arzuagaren esanetan, publikatutako azken informazioaren arabera, Segurtasun Sailak ukatu egin du istiluetan Ertzaintzak dituen protokoloak eta jokaerak zehatzen dituen agiriak epaileari bidaltzea.

Halaber, gaineratu duenez, "segurtasuna dela eta" ukatu egin du epaileari aipatutako informazioa ematea.

Horrez gain, legebiltzarkide abertzaleak esan du koalizioak ere eskatu diola Segurtasun Sailari aipatutako agiria, ezinbestekoa delako jakiteko Cabacas hil zen egunean zuzen jokatu zuten baieztatzeko.

Gainera, Arzuagak bigarren "hipotesi" baten berri eman du; baliteke gau horretan erabilitako istiluen kontrako materiala ez erregistratzea, edo oker egitea, "oinarrizkoa" denean, parte hartu zuten ertzainak identifikatzeko eta erantzukizunak eta zigorrak zehazteko.

EH Bilduren kidearen arabera "oso larria" da salatutakoa, Estefania Beltran de Herediak gidatutako Segurtasun Sailak eta Rodolfo Ares aurreko sailburuak zuzendutakoak "emandako hitza" ez dute bete, Justiziarekin kolaboratzeko prestutasuna agertu baitzuten.

Hori dela eta, EH Bilduk Beltran de Herdia sailburua Legebiltzarrean agertzeko eskatu du, aipatutako informazioa argitzeko.

Injerentzia politikoa egin nahi izatea leporatu dio Segurtasun sailak EH Bilduri

Adierazpen horien aurrean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak prentsa oharra kaleratu du. “Injerentzia politiko onartezinetzat” jo ditu EH Bilduk egindako salaketak.  “Nahasmena” sortu nahi izatea ere leporatu dio EH Bilduri eta “hori egitea delitua” dela gogoratu du.

Estefania Beltran de Herediak zuzentzen duen sailaren oharrak dionez, hala eskatutakoan, beharrezkoa izan den informazio guztia igorri diote epaileari. “Epailea izango da argibide gehiago edo proba gehiago behar dituena erabakiko duena” zehaztu du.