Cabacas auzia
Cabacasen heriotzaren ardura guztiak argitzeko eskaera egin du sendiak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2015/04/11
Manuel Cabacasek, Iñigo Cabacesen aitak, inpunitatearekin amaitzeko eskatu du. Haren esanetan, gomazko pilota jaurti zuen ertzainaren erantzukizunaz haratago, ardura guztiak argitu behar dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ehunka lagunek omenaldia egin diote larunbat honetan, Bilbon, Iñigo Cabacasi, Ertzaintzaren pilotakada batek jota duela hiru urte hil zen Athletic Clubeko zale gazteari. Manuel Cabacasek, Iñigo Cabacasen aitak, heriotzaren ardura guztiak argitzeko eskatu du, "gomazko pilota jaurti zuen ertzainaren erantzukizunaz haratago".
Iñigok heriotza eragin zion pilotakada jaso zuen Maria Diaz de Haro kalean omenaldi xumea egin diote haren senide eta lagunek, eta 1.095 puxika askatu dituzte, puxika bat heriotza argitu gabe igaro den egun bakoitzeko. Izan ere, 2012ko apirilaren 5eko gauean jo zuen Ertzaintzaren gomazko pilotak eta hilaren 9an hil zen.
Manuel Cabacasek eskerrak eman dizkie omenaldira bertaratu direnei, eta Athleticeko zale gaztearen heriotzaren inguruko "egoera bidegabea" salatu du.
"Hiru urte igaro dira, 1.095 egun Iñigo gabe; atsedenik eta lorik gabeko eta amesgaiztoz beteriko egunak izan dira, parranda egin ostean etxera noiz itzuliko zen zain, gertatu behar zuen eta gertatu ez zen moduan", azaldu du.
Halaber, azpimarratu du senideek beren galderei erantzuna bilatzen jarraitzen dutela eta ohartarazi du "hitz polit asko" entzun dituztela, baina "ekintza eta egi gutxi".
"Oraindik ere buruan gordeta dauzkat Ares jaunaren hitzak", adierazi du Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuari erreferentzia eginez. Ildo horretan, Aresi esan dio gertaeraren erantzukizuna bere gain hartu zuela hasiera batean. "Non geratu da erantzukizun hori? Zer erabaki hartu zituen? Dimisioa aurkeztu al zuen? Edota arduradunen bat kargutik kendu al zuen? Ez dugu ezta ere ahazten Segurtasun Sailak Ertzaintzaren jarduera protokoloak ezkutatu zizkiola kasuko epaileari", salatu du.
Baita ere azpimarratu sendiak ez duela onartuko "adarjotzerik" eta, horregatik, egia ezagutzea eskatu du. Gainera, Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria eskatu dio eman dezala Ertzaintzaren kargaren arrazoiak argitzeko beharrezko informazioa.
Bestalde, "Iñigo gogoan" plataformako kideek justizia aldarrikatu dute. Aldi berean, gertaturikoa argitzeko presioa egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari.