Etxegabetze espresak
Etxegabetzeak alokairuetan: Nola funtzionatzen dute?
A. A.
2020/06/10
Gobernuak abuztuan onartu zuen legearen arabera, errenta ordaintzen ez duen maizterrak helegitea aurkezten ez badu, epaileak hamar eguneko epean kalera dezake.
Alokairua ordaintzen atzeratzen diren errentariek helegitea aurkezten ez badute, hamar eguneko epean etxegabetzeko aukera ematen duen legea onartu zuen abuztuan Mariano Rajoyren Gobernuak.
Lehengo araudiarekin, maizterrak errenta ordaintzen ez zuela erakusten zuen epai bat behar zuen jabeak errentaria etxetik atera ahal izateko. Gainera, errentariak azken momentuan ordaintzeko aukera zuen. Lege berriarekin, berriz, hamar eguneko epea du errentariak zorra ordaintzeko, eta, egiten ez badu, kontratua bertan behera utz dezake epaileak, eta prozesua amaitu.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eskainitako datuen arabera, 2012ko bigarren hiruhilekoan 1.231 etxegabetze agindu zituzten. Hala ere, epaileek ez dute zehaztu etxegabetze horiek errenta edo hipoteka ez ordaintzeagatik izan diren.
Jose Antonio Vazquez Tain epaile galiziarraren aburuz, ez da logikoa hipoteka ordaindu ezin dutenak babestuko dituen erreforma bat sustatzea eta alokairuan daudenak etxetik botatzeko prozesua azkartzea.
Horrez gain, errentaria hamar egunetan kaleratzeko aukerari buruz, herritar batzuk beste batzuk baino gehiago babesteak "injustizia sozialak" eragiten dituela esan du.
Prozedura berria
"Etxegabetze kopurua beti izan da handia, baina gehiago gertatzen dira alokairuan dauden kasuetan", azaldu du Alfonso Gonzalez Guija Bilboko epaile dekanoak.
Prozedura Zibileko Legearen arabera, alokairua ordaintzen ez duten kasuetan, etxegabetze prozesu berezia egiten da: "Etxebizitzaren jabeak etxea ahalik eta azkarren berreskura dezan, epeak asko laburtu dira legedian".
Gizarte zerbitzuak
Azaroan, Bilboko epaileek prozedura berria adostu zuten Bizkaiko hiriburuan etxegabetzeak behin-behinean geldiarazteko.
Gonzalez Guijaren esanetan, legez kanpokoa litzateke etxegabetze guztiak behin betiko gelditzea. Horrenbestez, neurria "egoera okerrenean" daudenei babes judiziala emateko bidea dela zehaztu du. Bien bitartean, etxegabetze prozesua bertan behera geratuko da, behin-behinean.
Hala ere, Bilboko epaile dekanoak azaldu duenez, protokolo horrek ez du alokairuen kasuetan balio. "Eusko Legebiltzarrak herritarren gizarte eskubideak onartu berri ditu, eta, horien arabera, gerta liteke herritar batek eskubide bat eduki eta horren jakitun ez izatea. Epaitegian ezin dugu hori azaldu, ez baitugu bakoitzaren errealitatea ezagutzen, baina kasu horietan gizarte zerbitzuetara jotzea gomendatuko nieke", esan du Gonzalez Guijak.
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)