Itxi

Europako Justizia auzitegia

Zer aldaketa ekarriko ditu Europaren epaiak etxegabetzeetan?

Erredakzioa

2020/06/05

Orain, epaileek etxegabetzeak gelditu ahalko dituzte, hipoteka kontratuaren klausularen bat neurrigabea dela uste badute.

Etxegabetzeen aurkako elkarretaratze bat, Barakaldon. EFE

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak etxegabetzeak geldiarazteko bidea ireki die Espainiako epaileei, hipoteken lege espainiarra legez kanpokotzat jota.

Orain arte, epaileek neurrigabetzat jo zitzaketen hipoteka kontratuaren klausulak, baina, hala eginda ere, ezin zituzten etxegabetzeak geldiarazi. Are gehiago, nahiz eta klausula bat neurrigabetzat jo, epaileek a posteriori baino ezin zuten babestu kontsumitzailea, hots, horrek etxebizitza galdu eta gero, kalte-ordainak emanez.

Europako Justiziaren ustez, baina, prozedura horrek ez die benetako babesa ematen kontsumitzaileei, eta kalte-ordaina ematea ez da "nahikoa" ezta "eragingarria" ere bankuek klausula neurrigabeak erabiltzea galarazteko.

Luxenburgoko Auzitegiak epaia eman ostean, Espainiako Gobernuak aldaketak egin beharko ditu hipoteken legean. Erreforma abian zen jada, baina PPren Gobernuak behin-behinean gelditu zuen, Europaren epaia ezagutu arte.

Legea egokia ote den Jose Maria Fernandez Seijo epaileak galdetu zion Europar Batasuneko Justizia Auzitegira. Horren esanetan, hemendik aurrera epaileek ofizioz esku hartu ahal izango dute etxegabetzeetan, eta geldiarazi ahalko dituzte, hipotekaren kontratua neurrigabea dela uste badute.

Fernando Pedro Mendez legelariak azaldu duenez, epaiak beste hainbat ondorio ekarriko ditu. Adibidez, orain, bankuek kontu handiagoa izango dute kontratuak egiteko orduan, eta negoziazio handiagoa emango da zordunaren eta finantza erakundearen artean, zorra kitatzeko.

Nolanahi ere, ondorio negatiboak ere izango direla ohartarazi du: baliteke bankuek interes tasak igotzea.