Euskadi-Bolivia partida
Ertzaintzak Anoetan izandako jokaera babestu du Jaurlaritzak
Erredakzioa
Bestalde, PPk azalpenak eskatuko dizkio Segurtasun sailburuari larunbatean Euskal Selekzioa eta Boliviaren arteko partidan izandako "segurtasun-nahasmenagatik".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Larunbat honetan Anoetako futbol zelaian Euskal Selekzioa eta Boliviaren arteko partidan izandako istiluetan Ertzaintzak izandako jarrera babestu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Halaber, "hainbat lagunek eragindako istiluak" errefusatu ditu sailburuak.
Ohar baten bidez Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak "babes osoa" erakutsi dio Ertzaintzari, "bere betebeharra herritarren segurtasuna bermatzea delako". Gainera, erasoak jasan zituzten ertzainei elkartasuna adierazi die sailburuak.
PP: 'Antolakuntza-nahasmena'
Bestalde, Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak esan duenez, azalpenak eskatuko dizkio sailburuari Anoetako partidan izandako "antolakuntza eta segurtasun nahasmenagatik".
"Onartezina da partidan izandako akelarre erradikala", salatu du Barriok, "independentziaren aldeko eta Ertzaintzaren kontrako leloak entzun ziren, Batasunaren kutsu argia zutenak, eta kale borrokan oinarritutakoak".
'Arrisku handia' ertzainentzat
Halaber, ertzainen bizitza "arriskuan" jarri izana leporatu die Anoetako futbol zelaiko segurtasun-arduradunei Sipe Ertzaintzako Sindikatu Profesionalak.
"Egun osoan zehar hainbat futbolzale mozkortuek eragindako istiluen berri eman zuen Udaltzaingoak", azaldu du sindikatuak. "Abisuak egon ziren arren, Anoetara sartzeko kontrolak egiteko agente gutxi zeuden, eta ezin izan zuten objektuen sarrera kontrolatu".
"Gorputzak babesteko ezkutuak eramatea galarazi zieten ertzainei eta horrek arriskuan jarri zuen haien bizitza, hainbat ertzainek jasotako erasoek agerian utzi dutenez", salatu du Sipek.