Itxi

Leioa (Bizkaia)

Gazteluetako ikasle ohi batek sexu abusuak salatu ditu

Erredakzioa

Irakasle batek "jazarri" egin zuela salatu du. Adingabearen gurasoek "isilarazten saiatzea" egotzi diote zentroari.

Gaztelueta eskola. Argazkia: pensarporlibre.blogspot.com

Gaztelueta ikastetxeko (Leioa, Bizkaia) ikasle ohi batek irakasle baten partez sexu abusuak pairatu zituela salatu dute horren gurasoek. Gainera, "gutxiestea, jaramonik ez egitea eta isilarazten saiatzea" egotzi diote zentroari.

Gurasoek Hezkuntzako Ikuskaritzan eta Adingabeentzako Fiskaltzan salatu dute gertatutakoa, eta semearen osasun egoerak ahalbidetzen duenean auzitara ere joko dutela aurreratu dute.

Prentsa ohar batean azaldu dutenez, zentroko zuzendariak gutun bat igorri die, "ikerketa sakona" egin eta gero, "portaera ezohikorik" atzeman ez dutela esateko.

Hori horrela, gurasoek gezurra esatea eta "Gaztelueta eskolaren irudia zaintzeko helburuz egia ezkutatzea" leporatu dio. "Faltsua da irakasleak abusuak ukatu izana", gaineratu dute.

"2011ko ekainean, zuzendariarekin eta zuzendariordearekin Gazteluetan egindako bilera batean, beste bertsio bat eman zuten, hots, irakasleak akusazio guztiak aitortu zituela esan zuten. Gainera, zehaztasun kezkagarriagoak eman zituzten", adierazi dute.

Gurasoen esanetan, irakaslea ikastetxetik aldenduko zutela eta, ingelesa hobetzeko xedez, Ingalaterrara bidaliko zutela esan zien zuzendariak.

Umearen senideek "ez nahiko"tzat jo zuten neurri hori, eta, beraz, zuzendariak auzia "apaiz baten esku" utziko zuela esan zien. Horien ustez, zuzendariaren helburua gertatutakoa "argitara ez ateratzea" izan da.

Gurasoen esanetan, "duela hilabete bat arte eskolarekin irtenbidea bilatzen" saiatu dira, zentroak gertatutakoa idatziz aitortzeko, biktimari kalte-ordainak emateko eta irakaslearen aurka salaketa aurkezteko.