Noos auzia
Urdangarinek berriz deklaratuko du epailearen aurrean
Erredakzioa
Palmako dukeak otsailaren 23an deklaratuko du, iruzur fiskala egotzita. Miguel Torresek ere egin beharko du, hilaren 16an.
Iñaki Urdangarin Palmako duke eta Juan Carlos I.a Espainiako erregearen suhiak berriz ere deklaratu beharko du epailearen aurrean, otsailaren 23an hain zuzen ere, 2007. eta 2008. urteetan gutxienez 470.000 euroko iruzur fiskala egitea egotzita.
Miguel Torres Noos Institutuan zuen bazkideak eta Ana Maria Tejeiro horren emazteak ere egin beharko dute, hilaren 16an.
Jose Castro Noos auziaren epaile instruktoreak zitazio autoa eman die gaur hirurei, larunbatean Fiskaltzak eskatu bezala.
Espainiako Zerga agentziaren ikerketa baten arabera, Noos institutuak elkarteen gaineko zergan egin zuen iruzurra, 2007. urtean; eta, Urdangarinek, pertsona fisikoen gaineko zergan (PFEZ), 2007. eta 2008. urteetan.
Palmako dukeak iazko otsailaren 26an deklaratu zuen lehen aldiz. Orduan, Noos institutuko kudeaketa ekonomikoa Torresek egiten zuela eta bere lana instituzionala baino ez zela esan zion epaileari.
Torresek 2011. urteko uztailaren 11n deklaratu zuen, eta Noos institutuak Balearretako Gobernuarekin sinatutako 2,3 milioi euroko kontratuak legezkoak izan zirela argudiatu zuen.
Iturri juridikoek azaldu dutenez, deklarazioak grabatu egingo dituzte.