Manifestazioa Iruñean
Nafarroako Kutxako kudeaketaren 'egia osoa' jakitea exijitu dute
Erredakzioa
Protesta Kontuz! kontsumitzaileen eta erabiltzaileek elkarteak deituta egin dute eta 5.000 pertsona inguru bildu ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka pertsonak protesta egin dute Iruñean CAN Nafarroako Kutxako kudeaketaren inguruko "egia osoa" jakitea exijitzeko.
Manifestazioa Kontuz kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erakundeak deituta egin dute eta 5.000 pertsona inguru bildu dira antolatzaileen arabera, eta 4.500 Iruñeako Udaltzaingoaren arabera.
Protesta "CAN. Egia osoa jakin nahi dugu" leloa idatzita zeraman pankartarekin egin dute. Golen zineen aurrean hasi dira eta Sarasate pasealekura iristean amaitu dute, hotza, euria eta haizea nagusi zirela.
Ibilbide osoan, manifestariek erantzukizunak argitu eta Nafarroako Kutxako kudeaketa ikertzeko batzorde bat sortzea eskatu dute. Halaber, hainbat lelo oihukatu dituzte: "Ez Barcenas eta ez Barcina", "konponbidea dago: Barcinaren dimisioa eta bankarien espetxeratzea", "UPN kanpora" eta "non dago gure dirua", besteak beste.
Manifestazioan EH Bilduko, Geroa Baiko, Aralarreko eta Izquierda-Ezkerrako ordezkariak izan dira. Alderdi horiek denbora daramate ikerketa batzorde bat eskatzen. Hala ere, alderdi sozialistako zenbait kide ere izan direa, Ainhoa Aznarez adibidez. Aznarez PSNk ere ikerketa batzordea eskatzearen alde agertu da.