Biografia
Benedikto XVI.a, tradizioaren eta teknologiaren aita santua
Erredakzioa
Joseph Ratzingerren izendapenak kritika gogorrak eragin zituen, profil neokontserbadorea izateaz gain, adin handia eta osasun egoera txarra zituelako.
Joseph Ratzinger Bavarian, Alemanian, jaio zen 1927ko apirilaren 16an.
1946tik 1951ra Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen Freisingeko eta Municheko unibertsitateetan.
Jarduera zientifiko biziarengatik, Alemaniako Gotzainen Biltzarrean eta Nazioarteko Batzorde Teologikoan kargu garrantzitsuak izan zituen.
Bonn, Munster, Tubingen eta Regensburg hirietako unibertsitateetako Teologia irakasle izan zen eta Vatikanoko II.Kontzilioan Koloniako Frings kardinalaren laguntzailea izan zen.
Kontzilio horretan aholkulari izan arren, baina, gerora kritikoa izan zen horrekin. Fedeari buruzko liburu batean, Elizaren norabidea salatu zuen, eta tradiziora jo beharra defendatzen hasi zen.
1977. urtean, Municheko artzapezpiku izendatu zuen Pablo VI.ak, eta klaseak utzi behar izan zituen. Hilabete batzuk geroago, kardinal bilakatu zen. Joan Paulo I.a eta Joan Paulo II.a aita santuak izendatzeko kardinal batzarretan parte hartu zuen.
Lan intelektual handia egin zuen, bereziki 80. eta 90. hamarkadetan, hainbat liburu kaleratuz. Bere teoriek elizako aurreratuenen kritikak eragin zituzten baina Juan Pablo II.a aurreko aita santuaren konfiantza irabazi zuen. Azken honek Fedearen Doktrinarako Kongregazioko prefektu izendatu zuen, eta geroago, Velletri-Segniko kardinal-artzapezpiku.
Doctor honoris causa izendatu dute zortzi aldiz, besteak beste, Nafarroako Unibertsitateak, 1998an.
2005eko apirilaren 19an, Joseph Ratzinger aukeratu zuten Eliza katolikoko buru izateko, Joan Paulo II.a ordezkatuz.
Laugarren bozketan, Konklabearen bigarren egunean, hautatu zuten aita santu. Birritan atera zen ke beltza tximiniatik, eta azkenean, 17:50ean, ke zuria ikusi zuten San Petri plazan bildutakoek.
Ratzingerrek hainbatetan esan omen zuen Bavariako herri batean erretiro hartu eta liburuak idatzi nahi zituela, baina "Jainkoak agindutako edozein lan" egiteko prest zegoela ere adierazi zuen.
Izendapenak kritika ugari eragin zituen, profil neokontserbadorea zuelakoan. Vatikanoko II. Kontzilioaren aurretik Elizak zuen doktrina eta antolakuntzara bueltatu nahi izatea egotzi zioten. Batzuek iragarri zutenez, hainbat gaiekiko Elizaren jarrerak muturrera eramango zituen, besteak beste, abortuaren, homosexualitatearen, eutanasiaren eta antisorgailuen inguruan.
Kargua hartu eta hurrengo egunean lehen polemikari aurre egin behar izan zion; izan ere, Armadaren III. Reich-an parte hartu zuen. Aita santuaren "iragan naziak" hautsak harrotu zituen eta Ratzingerrek berak bere biografian esan zuen "bere belaunaldian ohikoa zela".
Ia zortzi urtez agintean egon ostean, eta 86 urte betetzear dituela, Benedikto XVI.ak zereginari uko egin dio eta otsailaren 28an amaituko du agintaldia.