Mintegia Europako Parlamentuan
Gipuzkoa Europako 'hondakinen kudeaketa onen' mintegian egongo da
Erredakzioa
Halaber, "borondatea baldin badago", 2014-2015ean zabortegiak itxi daitezkeela uste du Gipuzkoako Aldundiak.
Gipuzkoako Aldundiaren iritziz, "borondatea baldin badago", 2014-2015ean Gipuzkoako zabortegiak itxi ahalko dira, eta 2016. urtean birziklatze tasa % 60ra eta 2020an % 75era irits daiteke.
Donostian emandako prentsaurreko batean, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatuak iragarri du martxoaren 7an, Bruselan, Europako Parlamentuko mintegi batean parte hartuko dutela. Bertan, hondakinen kudeaketen praktika onen inguruan hitz egingo dela eta Gipuzkoako eredua azalduko dutela azpimarratu du.
Mintegian, Janez Potocnik Europako Batzordeko Ingurumen komisarioak parte hartuko du, eta Gipuzkoako esperientzia ez ezik, Capannorikoa (Italia) eta Flandriakoa ere azalduko dute.
Cappanori aitzindaria da Zero Hondakin eta atez ateko bilketaren filosofia ezartzen eta Flandriak %75 inguruko birziklatze tasa du.
Gipuzkoan gaur egun hondakinak kudeatzeko erabiltzen den "estrategia" azalduko dute mintegian,"errauste planta eta zabortegi kutsakorrak alde batera utziz" egiten baitute.
Diputatuaren iritziz, "bistakoa da Europan Gipuzkoa eredu ontzat jotzen dutela", horregatik, "horrek ezin du hemen norgehiagokarako arrazoia izan".
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014-2015 urteetan zabortegiak ixteko duen konpromisoa berretsi du, eta, horretarako "borondatea baldin badago", 2016an % 60ko birziklatze tasa eta 2010ean % 75ekoa lortu ahal izango dela nabarmendu du.