Noos auzia
Urdangarin: 'Cristina infantak ez zuen Noosen ezertxo ere egiten'
Erredakzioa
Palmako dukeak epailearen aurrean egindako bigarren deklarazioan esan zuenez, "aulkiak bete behar zirelako" zegoen Noos Institutuan Cristina infanta, baina "ez zuen ezertxo ere egiten".
"Cristina infantak ez zuen Noos Institutuan batzordekide gisa ezertxo ere egiten", esan zion Iñaki Urdangarinek epaileari bigarren deklarazioan.
Lau orduz egon zen Palmako epaitegian deklaratzen otsailaren 23an, eta bertan esan zuenaren arabera, institutuaren zuzendaritza eratzeko bost lagun behar ziren. Horregatik, berak eta Diego Torres bazkide ohiak "konfiantza osoko pertsonak" hautatu zituztela azaldu zuen, Efe agentziak jakinarazi duen informazioaren arabera.
Zuzendaritzan, Urdangarin presidente izendatu zuten, Torres presidenteorde eta Cristina infanta batzarkide. Halaber, Carlos Garcia Revenga infanten idazkaria diruzain aukeratu zuten, baina Palmako dukeak esandakoaren arabera, taldekideak ez ziren inoiz bildu.
Urdangarinen arabera, bere emazteak "ez zuen bertan ezer egiten": "Nire konfiantzako pertsona bat zen, besterik gabe, gauzak normaltasunez egiteko asmoz hautatu genuen".
Garcia Revenga ere laguna zuelako hautatu zutela azaldu zion epaileari eta inoiz diruzain gisa "parte hartu" izana ukatu zuen.