Itxi

Osakidetza

Osakidetzak langile gehiago kontratatuko dituela iragarri du Darponek

Erredakzioa

Osasun sailburuak Osakidetzako pertsonalaren politikari buruzko xehetasunak eskaini ditu gaur goizean Legebiltzarrean.

Jon Darpon Osasun sailburua Susana Corcuerrekin, adierazpenak egin bahino lehen. EFE.

Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren "aurrekontuetarako egin dituzten ahaleginak osasun-zerbitzuaren kalitatea ez murriztea bermatuko du". Izan ere, "zerbitzuaren kalitatea mantentzeko pertsona gehiago kontratatzeko beharra dagoenean, kontratatuko ditugu", gaineratu du.

Aipatu adierazpenak, Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean egin ditu Darponek, Rebeca Ubera EH Bilduko parlamentariak Osakidetzako giza baliabideen politikari buruz egindako galderari erantzunez.

Uberak Jaurlaritzak euskal osasun zerbitzuko beharginei ezarritako neurriak salatu ditu. Izan ere, bere ustetan, neurri horiek "Osasun Saileko langileen lan-karga areagotzea, zerbitzuaren kalitatea murriztea, eta lanpostu ugari desagertzea eragin dute".

Hori dela eta, "neurri horiekin, osasun zerbitzuaren kalitatea ahultzeaz gain, osasun publikoaren sistemaren azpiegitura suntsitzen" ari dela salatu du Uberak.

Darponek ukatu egin du hori, eta Osakidetzak "kalitatezko" zerbitzu bat eskaintzen duela defendatu du. Horretarako, pertsonalaren politika eta langileak horretarako beharrezkoak direla adierazi du.

Osasun sailburuak ez du uste lan-karga "nabarmen eta oro har handitu izana, ez azken hilabeteotan behintzat", eta ukatu egin du, koalizio abertzaleak esan bezala, Jaurlaritzak behin-behineko ordezkapenak murriztu izana,  "langileak modu arduratsuan kudeatzen baititugu".

"Egoera korapilatsua"

Hori dela eta, Osasun sailburuak "seriotasunez" jokatzea eskatu die oposizioan dauden taldeei. "Gobernu honek euskal osasun zerbitzua mantentzeko eta kalitatea hobetzeko ardura hartu du; zerbitzu publikoa egoera korapilatsu batean kudeatu beharko dugu", adierazi du.

Gogoratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren 2013ko aurrekontuen heren bat osasunera bideratu dute, eta Osakidetzaren aurrekontuaren % 70,1 30.000 langile baino gehiagoren soldatak ordaintzeko erabiliko dute.

Bestalde, sailburua Eibarreko osasun-hornikuntza berriaren proiektuari buruz aritu da. Aipatu proiektua Patxi Lopezen Gobernuak bideratu zuen, eta hura geldiaraziko dutela iragarri du.

Osasun Sailera heldu orduko "ospitalearen proiektua eginda aurkitu nuen, burutu gabe, baina aurreratua", azaldu du sailburuak. Gainera, aurreikusita zegoen kokapena "ez da egokiena", irisgarritasun arazoengatik.

"Ez da bideragarria"

Halaber, Osasun sailburuaren ustez, Debabarrena eskualdeak 19 ohe inguru beharko lituzke gaixo kronikoei zerbitzua emateko. Hori dela eta, "egungo egoera ekonomiko eta sozialetan, ez da bideragarria azpiegitura berriak egitea paziente gutxirentzat". Horren ordez, "egokiagoa iruditzen zaigu beste azpiegiturak erabiltzen jarraitzea", zehaztu du.

Albisteak (1)