Hondakinen kudeaketa
Gipuzkoak eten egingo ditu erraustegia eraikitzeko bi kontratu
Erredakzioa
Ingeniaritza enpresekin sinatutako kontratuak dira eta biak baliogabetuko dituzte irregulartasunetan oinarrituta. Eraikuntza-enpresarekin negoziatzen ari dira kontratua adostasunez eteteko.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak bertan behera utziko ditu erraustegiaren eraikuntzarekin lotutako bi kontratu, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
Aurreko agintaldian RESA eta IBH ingeniaritza enpresekin sinatutako kontratuak dira, eta biak baliogabetzeko eskatuko du GHK-k, zerbitzu juridikoek atzeman dituzten irregulartasunetan oinarrituta.
Etengo dituen aurreneko kontratuak dira, izan ere, errauste-planta egin behar zuten eraikuntza-enpresekin negoziatzen ari da GHK, haien kontratuak modu adostuan eteteko helburuarekin.
Txosten juridikoetan esaten da neurrira egindako esleipen-prozesuak prestatu zituztela, RESAk eta IBHk kontratuak lor zitzaten. Are gehiago, enpresek beraiek hartu zutela parte baldintzen prestaketan.
GHK-ko administrazio kontseiluak kontratu horiek bertan behera utzi eta euren baliogabetzea eskatzea erabaki zuen azken bileran. Batzarrak berretsi beharko du erabaki hori hilaren 19an, baina Bilduk gehiengoa daukanez, ez omen da onartzeko arazorik izango.
Bien bitartean, GHK eraikuntza enpresekin negoziatzen ari da, kontratuak modu adostuan eteteko helburuz. Iñaki Errazkin ingurumen diputatuak esana du hedabideetan erraustegia ez dela egingo eta Batzar Nagusietan iragarri zuen proiektua bertan behera uzteko eskatuko duela Aldundiak kontsortzioan.