Zaborren kudeaketa
Ormaiztegi Garbiak ere kontsulta antolatuko du atez atekoaren inguruan
Erredakzioa
Atez ateko sistemaren kontrako plataforma herri-galdeketa prestatzen ari da, Legazpin "jasotako babesa"k bultzatuta, eta ekainean sistema berria jarri baino lehen egiteko asmoa du.
Ormaiztegi Garbiak, Udalak sustatu nahi duen atez ateko zabor-bilketaren kontrako plataformak, Legazpin egindakoaren antzeko herri-kontsulta deituko du herritarrei atez atekoa ala bosgarren edukiontzia nahi duten galdetzeko. Udalak aurreko astean onartu zuen ekainean atez ateko sistema ezartzea.
Agustin Gilabert plataformaren ordezkariak azaldu duenez, Legazpin "jasotako babesa"k bultzatuta erabaki dute ekimena hartzea.
Horren harira, Gilabertek gogorarazi du Ormaiztegin erroldatutako herritarren % 60ren sinadurak jaso zituztela atez ateko sistemaren kontra.
Ormaiztegi Garbiak Udalak herritarren "iritzia kontuan izatea" nahi du, izan ere, "ez gara zentzugabe batzuk", zaborra biltzeko "sistema arrazionala besterik ez dugu nahi", bosgarren edukiontzia, alegia. Gilaberten esanetan, "jendea hezita, birziklapen tasa altuak lor daitezke" sistema horrekin.
Plataformaren ordezkariak aitortu du "antolatu" egin behar direla kontsulta egiteko, baina asmoa atez ateko sistema ezarri aurretik egitea dela azpimarratu du, beraz, "maiatza bukaeran edo ekaina hasieran" egingo litzateke.