Euskadiko lur-azpia
Tapiak lurpeko gasaren ikerketa defendatu du, baina ez 'fracking'a
Erredakzioa
Gasa dagoen ikertzea defendatu du Garapen Ekonomikorako sailburuak, baina ustiapena baztertu du, gaur eguneko teknikek ingurugiroaren babesa bermatzen ez dutelako.
Euskadiko lur-azpian gasa dagoen ikertzea defendatu du Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak, baina ustiapena baztertu du, gaur eguneko teknikek ingurugiroaren babesa bermatzen ez dutelako.
Eusko Legebiltzarreko batzordean agerraldia egin du gaur Tapiak, EH Bilduk eskatuta. Euskadiko Hidrokarburoen Sozietatea (Shesa) egiten ari den lana azaltzeko egin du agerraldia Tapiak.
Exekutiboak lur-azpian gasa dagoen jakin behar duela azaldu du sailburuak, kantitateak ezagutu eta konbentzionala edo ez konbentzionala den argitu, ondoren "aukerak" aztertzeko.
"Ikerketari bai, ustiapenari ez", adierazi du Tapiak. Sailburuaren hitzetan, "ingurumena babesten duen teknologiarik ez dago". Zentzu horretan, 'fracking'a arbuiatu du Tapiak.
Hala ere, teknologiak aurrera egiten duela esan du Tapiak. Etorkizunean gasa ateratzeko teknikak ingurumenari kalterik ez egitea posible dela erantsi du sailburuak.