Haur lapurtuak
Donostiak haur-lapurtuei buruzko 690 informazio eskari bideratu ditu
Erredakzioa
Ospitaleak 79 historia kliniko bidali ditu auzitegietara, garai aurreko haurdunaldiekin, utero barruko heriotzekin edo malformazioak zituzten fetuekin lotuta
Donostiako Ospitaleak ustezko haur-lapurtuen kasuei buruzko 690 ininformazio eskari bideratu ditu 2011ko urtarriletik 2013ko apirilera. Horietako 498 partikularrek eskatu zituzten, eta 192 epaitegiek. Hori horrela, 79 historia kliniko bidali ditu Auzitegira, erdiak garai aurreko haurdunaldienak, % 20 malformazioak zituzten umekienak, % 18 utero barruko heriotzekin lotuak eta 17 kasuak "larritasun zantzuak" zituztenak.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan haur lapurtuei eta adopzio irregularrei buruzko batzordea elkartu da eta bertan Donostiako ospitaleko arduradunek jakinarazi dute zenbait istorio klinikotan datuak falta direla.
Ospitaleko arduradunek azaldu dutenez, 1986 arte ez zen arautu historia klinikoak nola egin behar ziren eta, horren eraginez, aurreko urteetako historial batzuetan datak, medikuaren izena eta abar falta dira. Horrek lapurreta kasuren bat izan zela pentsarazten ote dien galdetuta, ez dute iritzia eman nahi izan eta argitu dute datuak falta arren, haurraren heriotzaren zergatia ondo jasota dagoela historialean.
Halere, Jose Manuel Ladron de Guevara ospitaleko gerenteak aitortu du kasu batzuetan ez dela izango benetan gertatu zena jakin ahal izateko nahikoa informazioa.
Donostiako ospitalean jasotako eskari gehienak gehienak 1965 eta 1989 urte arteko kasuei buruzkoak dira.