Gas ustiapena
Eusko Legebiltzarrak ez du 'fracking'a debekatuko
Erredakzioa
EH Bildu mahaitik altxatu da, lantaldea "fartsa" bat dela iritzita. Sozialistek gogorarazi dute ezin dela debeku orokorrik ezarri, "legez kanpokoa" dela hori.
Arabako Batzar Nagusiek naturguneetan 'fracking'a debekatzeko onartu zuen ekimena aztertzeko Eusko Legebiltzarrean osatu den lantaldea utzi du EH Bilduk, "fartsa" bat dela iritzita.
Dani Maeztu eta Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideek prentsaurrekoa eman dute, alderdiek gaur goizeko bileran aurkeztu dituzten zuzenketak ezin direla tramitera onartu salatzeko, txosten juridiko baten arabera, ezin baitira moldatu nahi duten legera zuzendu, lege-proposamenera baizik.
Maezturen esanetan, EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk aurkeztutako zuzenketa gehienak Arabako Batzar Nagusien jatorrizko proposamena "desitxuratu" nahi dute. Batzar Nagusien ekimenak naturguneetan 'fracking'a debekatzea eskatzen zuen.
EH Bilduren legebiltzarkideak azaldu duenez, Herri-ekimen Legegile bat ere bazegoen, EAE osoan 'fracking'a debekatzea eskatzen zuena, baina ezin izan dute lantaldean eztabaidatu, Mahaiak antzeko eztabaida bat egingo zutela argudiatu baitzuen. Azkenean, Batzar Nagusien ekimena oso arinduta geratuko dela eta ez dela 'francking'a debekatzea eskatuko salatu du.
Maeztuk ohartarazi duenez, zuzenketa horiek tramitera onartzea Legebiltzarreko "araudiaren kontrakoa" da, eta ez dute baztertzen auzitegietara jotzea, "forma akats larriak baitaude, eta hori berresten duen txosten juridikoa dugu".
Natalia Rojo PSE-EEren lantaldeko bozeramaileak "antzerki"tzat jo du EH Bilduren jarrera, lantaldea uztearena, eta lantaldeak "eztabaidatzeko eta akordioetara iristeko" daudela azpimarratu du.
Era berean, debeku orokorrak "legez kanpokoak" direla eta PSE-EE ez dagoela 'fracking'aren alde azaldu du.