Izar-euria
Pertseidak, abuztuko argi-tantak ikusteko gida
I.G. | eitb.com
Orduko 100 meteoroko maiztasunarekin zeharkatuko dute zerua izar iheskorrek. Izar jasa gaur ikusiko da argien. eitb.eus-en fenomenoaz erabat gozatzeko gida bat topatuko duzu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Done Laurendiren malkoak edo Pertseidak izenekin ezagutzen dugu normalean urtez urte astronomiak eskaintzen digun fenomeno ikusgarria. Orduko 100 meteoritoko maiztasunarekin zeharkatuko dute zerua izar iheskorrek. Halere, aurreikusi dutenez, abuztuaren 11ko eta 13ko gauetan ikusi ahal izango da argien. Ikuskizunaz gozatu ahal izateko gida eskaintzen dizugu eitb.eus atarian.
Zergatik Pertseidak?
Izar iheskorrak ikustean Perseus izar-multzotik datozela ematen du, eta horregatik Pertseidak izenez ezagutzen dira. Sasoi honetan, Lurrak, urtero bezala, Swift Tuttle kometaren orbita zeharkatzen du. Kometa hori 133 urtean behin pasatzen da Eguzkitik hurbil, eta bertatik gertu 1992an igaro zen.
Topaketa horretan, kometak hauts partikulak uzten ditu bere atzetik; horiek dira atmosferan sartu eta gero, abiadura handian, izar iheskor bihurtzen direnak.
Izar-jasa uztailaren 17an hasten da berez, baina abuztuaren 24ra bitartean izaten da ikusgai, eta ipar hemisferioan gehien ikusten dena da.
Zergatik 'Done Laurendiren malkoak'?
Erdi Aroan eta Errenazimentuan Pertseiden fenomenoa ikusten zen egunean egiten zuten santuaren omenaldia.
Done Laurendi eguna abuztuaren 10ean ospatzen da, eta santua erre zutenean hark bota omen zituen negar-malkoekin lotzen dute izar-jasa.
'Pertseidak' ikusteko lekurik egokienak
Ortzira begiratzeko lekurik onenak hirigune edo herriguneetatik urrun eta eraikin eta zuhaitzik gabekoak dira.
Astronomoek eta zaleek, edonola ere, fenomenoa elkarrekin ikusteko ekimen bereziak antolatzen dituzte urtero.
Bizkaiko Astronomia Elkartea, Arabako Astronomia Elkartea edo Eureka! Zientzia Museoa dira urtero-urtero irteerak antolatzen dituzten elkarteetako batzuk.
Zer eraman behar da izar-jasa ikusteko?
Done Laurendiren malkoak ondo ikusteko ez da gailu berezirik behar; hau da, gora begiratu besterik ez da egin behar.
Izarrak eta izar-jasa ikusteko, baina, primeran etorriko zaigu izarren mapa bat eskura izatea, besteak beste, Perseus izar-multzoa errazago topatzeko.
Pertseidei argazkiak ateratzeko
Izar iheskorren argazkiak egin nahi izanez gero, hiru gauza behar ditugu: zerua oskarbi egotea, tripode bat eta argazkia ateratzeko kablea (kamera ez mugitzeko).
Halaber, kontuan hartuta ordu asko emango ditugula zerura begira, kamerarekin probak egiten, ezinbestekoa da bateriak nahikoa kargatuta egotea.
Done Laurendiren malkoei argazkiak egitera animatu, eta eitb.eus-era bidali, gustura jarriko baititugu gurean zuek zeuek Pertseidei ateratako irudiak.