Itxi

Drogak

Alkohol, tabako eta kalamu kontsumoak behera egiten jarraitzen du EAEn

Erredakzioa

Legez kanpoko substantzien erabilerak "beherakada argia" izan du EAEn. Substantzia guztien kontsumoa murriztu da 2004tik hona, heroinarena izan ezik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alkoholaren, tabakoaren eta kalamuaren kontsumoaren murrizketarako joera finkatu eta egonkortu egin da EAEn azken bi harmakadetan. Halaxe dio, bederen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsorok ostiral honetan Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean aurkeztu duen "Euskadi eta Drogak" txostenaren 12. edizioak.

1992. urtean abiarazitako ekimena izanik, azken 20 urteei begira jartzeko aukera aproposa eskaintzen du aurtengo aleak, Dorronsororen esanetan. Hala, inkesta hau guztiz baliagarri gertatzen da, adikzioen eremuko politikak eta programak diseinatu eta ebaluatzerakoan.

Inkesta 2.007 pertsonei egin zaie, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako populazioaren araberako proportzioan.

Horrela, 2012an alkoholaren kontsumoaren beherako joera finkatu egin da. 2006tik nabarmen murriztu da egun gehienetan edaten dutenen portzentajea (%23,9tik %14,6ra), eta, aldi berean, inoiz edaten ez dutenen kopuruak gora egin du (%13,1%etik %24,4ra).

Bestalde, 2012an egonkortu egin da azken hamarkadako tabakoaren kontsumoaren murrizketa geldoa baina etengabea. Sekula erre ez dutenen kopuruak gora egin du, adin guztietan gainera, eta bereziki, gazteen artean.

EAEn lautik batek (%25,7) dio ohiko erretzailea dela eta %5,4ek, berriz, aldian behin erretzen duela. %68,8k ez du erretzen, horien herena erretzaile izandakoak diren arren, eta %45,6k, ordea, ez du inoiz ere ez erre.

Halaber, kalamuaren kontsumoak nabarmen egin du behera. Biztanleen %6,3k dio kalamua erre duela, 2010arekin alderatuta ia lau puntu gutxiago. Gehien kontsumitzen dutenak 15 eta 24 urte bitarteko gazteak (%6,4) eta gizonezkoak (%8,8a, emakumezkoen %3,7% aldean) dira.

Bestalde, legez kanpoko substantzien erabilerak "beherakada argia" izan du EAEn. Substantzia guztien kontsumoa murriztu da 2004tik hona, heroinarena izan ezik.

Bideoak (1)