Itxi

Kuria

Frantzisko aita santuak Kardinalen Kontseiluarekin bilerak hasi ditu

Erredakzioa

Kardinalen Kontseiluak bilerak hasi dituen egun berean, La Repubblica egunkariak aita santuari egindako elkarrizketa kaleratu du. Bertan, Frantziskok “gortea iraganeko legenarra da", esan du.

Frantzisko aita santuak zortzi kardinalek osatutako kontseiluarekin bilerak hasi ditu gaur. Kuria edo Eliza katolikoaren gobernua berritzea da bilera horien helburu nagusia.

"Gaur hasiko dugun lan honek umilago, eraman handiagoko pertsonak egingo gaituela uste dugu. Halaber, Jainkoarengan konfiantza areagotzea espero dugu. Horrela jendeak Eliza hau ikusita guregana etortzeko gogoa izatea nahiko genuke", esan du Frantzisko aita santuak Andre Maria elizan eman duen mezan.

Hiru egunetan zehar, aita santua eta zortzi kardinalak (Giuseppe Bertello, Francisco Javier Errázuriz Ossa, Oswald Gracias, Reinhard Marx, Laurent Monsengwo Pasinya, Sean Patrick O'Malley, George Pell eta Andrés Rodríguez Maradiaga) goiz eta arratsalde egongo dira bilduta.

"Elizaren G8a" izango den talde hori kontsulta tresna gisa erabili ahal izango du Frantziskok bere aitasantutzan.

Frantzisko: "Gortea aitasantutzaren legenarra da"

Zortzi kardinalen kontseiluak Eliza eraldatzeko lanak hasi dituen egun berean, La Repubblica egunkariak bere sortzaile Eugenio Scalfariren eta Frantzisko aita santuaren arteko hiru orrialdeko elkarrizketa bat argitaratu du.

Testu horretan, Jesusek emandako aholkuei buruz hitz egiten ari direla, kazetariak "nartzisismoa" aipatzen dio aita santuari. "Niri ez zait hitz hori gustatzen", erantzuten dio Frantziskok. "Norbere burua gehiegi maitatzea esan nahi du. Arazo hori jasaten duten pertsona gehienek botere handia izatea da benetako arazoa. Askotan, buruzagiak nartzisistak izaten dira".

Scalfarik "Elizako goi kargudun asko" horrelakoak izan direla aipatzen dio aita santuari, eta honela erantzuten dio Frantziskok: "Badakizu zer pentsatzen dudan horri buruz? Elizako buruzagiak askotan izan dira nartzisistak, euren gortesauek lausengatuak. Gortea aitasantutzaren legenarra da".

Albisteak (2)

Bideoak (2)