Itxi

Madrilen aurreproiektua

Euskal alderdiek Abortu Legearen erreforma atzerakoia dela uste dute

Erredakzioa

EAJren arabera, "atzerapausoa" da erreforma, eta EH Bilduk uste du "klandestinitatean egiten ziren abortuak" itzuli egingo direla.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAJk salatu du Abortu Legearen erreforma "atzerapausoa" dela, EH Bilduk uste du "klandestinitatean egiten ziren abortuak" itzuliko direla eta PSE-EEk dio PPren Espainiako Gobernua "eskuin muturrekoa" dela. EAEko PPren arabera, berriz, abortatzeko eskubidea "ez da existitzen".

Radio Euskadiko saio batean elkartu dituzte alderdi horietako ordezkariak, eta Joseba Egibar EAJren legebiltzarkideak azaldu duenez, Mariano Rajoyren Gobernuaren erreforma "atzerapausoa" da eta "iraganera eramaten gaitu". Era berean, "gutxiengoaren morala" gizarte osoari inposatzen diotela salatu du.

EH Bilduri dagokionez, Dani Maeztuk uste du 1985ekoa baino lege "murriztaileagoa" izango dela berria. "Gobernu eskuindar honek iraganera garamatza lan eta gizarte eskubide arloetan eta barnean daramatzan eskuindar zaharkituenen nahiak betetzen ari da", gaineratu du. Abortatzea ez dela "kapritxoa, baizik eta eskubidea" gogorarazi ostean, "iraganean klandestinitatean egiten ziren abortuak" itzuliko direla adierazi du.

Era berean, Txarli Prieto PSE-EEren Legebiltzarreko idazkari nagusiak gogor kritikatu du neurria, eta "Gobernuan atzerakoiak" daudela eta, horregatik, Abortu Legea berritzeko ez dutela "kanpoko babesik" behar izan azpimarratu du. "Atzeraka goaz, jarrera atzerakoiekin, askatasunen kontra egiten ari diren atentatu eta murrizketen ondorioz. Eskuin muturreko Gobernua da eta hori da arazo larriena", esan du Prietok.

PPrentzat, ordea, abortatzeko eskubidea "ez da existitzen". Nerea Llanosek azpimarratu du legedia aldatzeko konpromisoa hartu zuela PPk hauteskunde-programan eta "10 milioi espainiarrek" bozkatu zutela programa horren alde azken hauteskunde orokorretan.

Albisteak (3)

Bideoak (1)