Gertaera
Gizon bat hil da Ondarroan olatu batek itsasora bota ostean
Erredakzioa
Kaian zegoen olatu batek harrapatu eta uretara bota duenean. Gurutze Gorriak ateratzea lortu du, baina hil egin da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
43 urteko gizonezko bat, sorterriz senegaldarra, hil da gaur, asteartea, olatu batek Ondarroan harrapatuta uretara jausi eta gero, Ertzaintzak baieztatu duenez.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, gizona paseatzen ari zen Ondarroako portuan, 10:45 aldera, eta, bat-batean, olatu batek harrapatu eta itsasora bota du. Lekuko batek eitb.com-i jakinarazi dionez, ordea, argazkiak ateratzen ari zen gertaera jazo denean.
Gurutze Gorriko zenbait kidek uretatik ateratzea lortu dute, ontzi batez baliatuta, eta, bihotz-birikak suspertu arren, bertan hil da.
Ezbeharra gertatu denean, olatu handiak zeuden kostaldean, Ondarroako Udaltzaingoak baieztatu duenez.
Alerta laranja
Astearte honetan ere ez da giro itsasoan. Olatu handiengatik atzotik indarrean dagoen alerta laranjari eutsi dio gaur Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak. Hala, arratsaldean olatuak sei metro baino gehiagokoak izan daitezke. Horrez gain, haizea ere zakar ibiliko da, eta 100 km/h-ko boladak espero dira haizeguneetan eta erkidegoaren mendebaldean.
Iragarpenaren arabera, olatuek 6 metroko altuera gaindi dezakete arratsaldean, baina azken orduetan lauzpabost metro ingurukoak izango dira.