DENBORALEA BIZKAIAN
Bermeo astindu du gogorren itsasoak
Erredakzioa
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak kezka adierazi du arratsaldeko itsasgora dela eta, kai-muturra apurtuta dagoenez, herria "babesik gabe" geratu delako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal kostaldea asteburu osoan astindu duen itsas-denboraleak kalte larriak eragin ditu zenbait herritan, bereziki Bermeon. Herri bizkaitarrean, kai-muturreko zati batzuk erori dira, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Bermeon ere bai, itsasontzien zirkulazioa etenda egonda, sei itsasontzi hondoratu dira eta arrantzaleen zenbait lokal urak hartuak izan dira. Denboraleak Zarautzen ere kalteak eragin ditu, kaian bereziki; barandak eta bankuak suntsituta.
Iñigo Urkullu lehendakaria Bermeon izango da 13:00etan, zuzen zuzenean Euskadn izandako denboraleak eragindako kalteak gertutik ezagutzeko.
Kezka handia herritarren artean
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak kezka adierazi du arratsaldeko itsasgora zela eta. Denboraleak kai-muturreko zati batzuk apurtu eta bota dituenez, portua "babesik gabe" geratu da eta kalte gehiago eragin litzakeela ohartarazi du.
Bidegurenek ohartarazi duenez, "kai-muturrak zenbait puntutan apurtuta egonda, herriko ateak zabalik daude eta kalte handiagoak izan genitzake".
Saihesten saiatzeko, udal-langileak harresi bat eraikitzen izan dira goizean, kai-muturra apurtzean pilatutako harriekin, urak berriz gora egitean eragin ahalik eta txikienak izan daitezen.
Azkenean, itsasgora Bemeoko portuan indarrarekin sartu den arren, ez du kalte gehiagorik eragin.
Portuko kalteak konpontzeko lanekin astelehenean, 08:00etan, jarraituko dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri duenez, astelehenean BI-3101 errepidea irekiko dute, Bakio eta Bermeo artean, ostiralean lur-jausi batengatik itxi ostean.
Bestalde, Bilboko itsasadarrak ere gainezka egin du Erandio parean. Hori dela eta, BI-711 errepideko errei bat itxi behar izan dute. Muskizen, halaber, urak zenbait lokal hartu ditu.
Bakion eta Lekeition ere ura sartu egin da, hainbat lokal hartuta, eta autoetan kalteak eraginda. Ondarroan, aparkaleku bateko autoak ere kalteak izan dituzte. Getxon, Ereaga hondartzako pasealekuan olatuek gogor jardun dute, Plentzian gertatu den bezala.
Laguntzak eta konponketa lanak
Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, Jaurlaritza lanean ari da denboraleak euskal kostaldean eragindako kalteak konpontzeko, eta nabarmendu egin du erakundeak "koordinatuta" ari direla lanean, ondorioei aurre egiteko.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramalearekin, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera, Urkullu Bermeon izan da, kalte handiak pairatu dituen herrietako bat. Bertan, "prebentziorako neurriak betetzeko" eskatu die herritarrei "segurtasuna garrantzitsua" delako. Ondoren, kostaldeko beste herri batzuetan ere izan da.
Segurtasun sailburuak, bestalde, jakinarazi duenaren arabera, itsas denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko laguntzak aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza. Olatuek kalte handiak utzi dituzte euskal kostalde osoan; Donostian eta Bermeon izan dira txikizio handienak.
Egoera berria aztertzeko, denboraleak kalte gehien utzi duen lekuetan egon da gaur goizean Beltran de Heredia. Bere esanetan, horrelako egoerek begi-bistan utzi dute alertak eta alarmak aurreikusteko sistema propio bat izateak duen garrantzia, larrialdi egoerei ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egin ahal izateko.
Donostian kalte handiak
Donostia izan da olatuen eragina gehien jasan duen lekua, bertan Urumea ibaiak gora egin du nabarmen, olatuengatik, eta Kursaaleko, Maria Cristina eta Mundaiz zubiak itxi behar izan dituzte. Santa Catalinakoa da zabalik dagoen bakarra.
Soraluze eta San Juan kaleko bi etxebizitzetako beheko solairuko bizilagunak aterarazi dituzte, eta Udalak gaua pasatzeko leku bat eskaini die.
Alde Zaharrean, urak metro eta erdiko altuera hartu du; ura Salamanca pasealekura, eta Aldamar eta Abuztuak 31 kaleetara heldu da.
Arratsaldean, 18:41ean, izan da itsasgora eta ura Aldamar kalean sartu da berriz ere. Udalak itsasgoraren ostean zubiak irekitzeko asmoa zuen arren, Maria Kristina eta Kursaal itxita daude.
Donostiako Udalak denboraleak eragindako kalteei buruzko datu berriak emango ditu, astelehen honetan, goizeko zortzietan egingo duten bozeramaileen batzarraren ostean.
Ipar Euskal Herriara ere heldu da
Euskal Herria astindu duen itsas-denboraleak eragina izan du Ipar Euskal Herriko kostaldeko herrietan ere bai, kalte larriak eraginda, Hego Euskal Herrian bezala.
Olatu handiek Ondarraitz hondartzako pasealekuan dagoen txosna bat errotik atera eta atzean dauden etxeen kontra bota dute, kalte larriak eraginda. Urak komunak hartu ditu, erabat kaltetuz.
Biarritzen eta Donibane Lohitzunen olatuek zenbait hoteletako beirateak apurtu eta beheko solairuetan, lokaletan... sartu dira.
Elurraren eragina
Segurtasun Sailak Araba eta Gipuzkoako 15 mendatetan arretaz gidatzeko eskatu du, izotza eta elurragatik, baina denak zabalik daude.
Segurtasun Sailak abisu horia mantenduko du gaur eguerdira arte.
Elur kota 600 metro ingururen bueltan izango da, baina arratsaldean 1.000 metro ingurutan kokatzea espero dute.
Arretaz gidatzeko eskatu duten mendateen zerrenda (Araba): Bernedo, Salinas, Gasteiz, Aiurdin, Altube, Azazeta, Garate, Kurtzeta, Opakua, Orduña eta Zaldiaran; eta (Gipuzkoan) Deskarga, Etxegarate, Lizarrusti eta Bidania.