Itxi

Euskalmet

Zergatik izan da hain zakarra asteburuko denboralea?

Erredakzioa

Asteburu honetako olatuak baino handiagoak eta zakarragoak izan dira lehen ere euskal kostaldean. Oraingoan, aldiz, marea biziekin bat egin dute, eta horrek eman dio aparteko indarra.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Herriko kostaldeak asteburuan pairatu zuen denboralea azken urteetako bortitzenetakoa izan da eta, gutxienez 1965. urtera egin beharko genuke atzera ezaugarri berdintsuetako aurrekari bat aurkitzeko.

Hala ere, asteburu honetako olatuak baino handiagoak eta zakarragoak izan dira lehen ere euskal kostaldean. Oraingoan, aldiz, marea biziekin bat egin dute, eta horrek eman dio halako txikizioak eragiteko aparteko indarra, Euskalmeten arabera.

Asteburuan zehar, 13 metroko olatuak ere izan dira, baina adituek ez dute gehiegizko kopuru hori kontutan hartzen denboralearen indarra aztertzeko. Izan ere, asteburuan gertatutakoa hainbat faktoreen batuketaren ondorioa izan da.

Izan ere, olatuen batez-besteko altuera 8 metrokoa izan da asteburuan. Urtarrilaren 6ko denboralean, berriz, olatuek 10 metroko altuera izan zuten, batez beste, baina txikizioak ez ziren hain handiak izan. Zergatik?

Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunaren hitzetan, azken denboralean, olatu handiekin batera, marea "oso-oso bizia" izan zen Euskal Herriko kostaldean. "Faktore horien batuketak oso denborale zakarra eragin zuen", gaineratu du.

Horrez gain, inoiz ez bezala, denboraleak bata bestearen atzetik etorri dira gure kostaldea zigortzera (lau pairatu ditugu urtarrilean, azken hogei urteetan gertatu ez dena.

Bosgarren denboralea etzirako espero da Euskal Herrian. Gaur haizetea dator eta asteazkenerako alerta laranja ezarriko dute berriro ere. Hala ere, denborale horren eraginak ez dira hain handiak izango, Euskalmeten iritziz.

"Olatu handiak izango dira, 6-7 metrokoak, eta eragina izango du, baina mareak ez dira hain biziak izango. Egoera laranja izango dugu, baina ez du azken denboralearen tamainako eragina izango", adierazi du.

Hala ere, Bizkaiko ontziak Bilboko itsasadarrean gorde dituzte, arazoak saihesteko.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)