Itxi

Gipuzkoa

Tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat eraiki nahi dute Zubietan

Erredakzioa

Halaber, aurten eta datorren urte artean Gipuzkoako zabortegiak ixtea aurreikusi du Diputazioak. Errauste plantarik eta zabortegirik gabeko politika bere osotasunean aplikatu nahi dute.

Zubietako erraustegia eraikiko zuten lursailean egingo dute planta berria. Irudia: EiTB

Zubietako erraustegia eraiki nahi izan zuten lursaila tratamendu mekaniko-biologiko planta bihurtu nahi du Gipuzkoako Diputazioak aurten eta datorren urte artean. Halaber, Gipuzkoak ez du zabortegirik ez errauste plantarik izango, Aldundiaren hondakinen kudeaketa plana bere osotasunean ezartzen baldin bada.

Zubietako planta eraiki behar zen lursailaren ondoan, 170.000 tona hondakin erabiliko duen planta bat egin nahi dute. Planta horren helburua berezirik ez dauden hondakinak bereiztea izango da, eta nahasitakoak sortzen duten kutsadura garbitzea.

Prozesu hori bukatu eta gero, ezinbestean berreskura ezin daitezkeen hondakinak, lehortuta eta kutsadurarik kanpo, beste biltegi batera eraman beharko dira; baina, planaren arabera, hondakin horrek ez du kiratsik botako eta ez dio ingurumenari kalterik egingo.

Horrekin batera, Gipuzkoako Diputazioaren proiektuan lurraldean dauden hiru zabortegiak, hau da, Lapatx, Urteta eta Sasieta, ixtea aurreikusi dute. Gainera, hiru konpost planta ere eraikitzea dute helburu, gaur egun, Gipuzkoak sortzen duen konposta biltzeko tokirik ez baitago (iaz 12.000 tona bildu zuten eta planta bakarrak 3.500 bildu ditzake) eta asmoa kopuru hori handitzea da.

Babesak ezinbesteko

Alabaina, proiektua eta hondakinak kudeatzeko politika bere osotasunean martxan jartzeko, alegia, eraiki beharreko azpiegiturak eraikitzeko, oposizioaren babesa jaso beharko du Diputazioak. Babesik jaso ezean, zabortegiak ez lituzkete itxiko.

Zubietako planta 400 milioitan aurreikusita zegoen, eta hondakin kudeaketarako sare berria erdia baino gutxiago kostatuko dela esan dute. Otsailaren bukaeran hasiko da Diputazioa oposizioko alderdiekin bilera sorta egiten, babesak bilatzeko.

Erreakzioak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren planak, dudarik gabe, erreakzio soka luzea ekarriko du. Oraingoz, PSE izan da gaiaz hitz egin duen bakarra.  Sozialistek, euren webgunean jakinarazi dutenez, Aldundiak plan hau azaltzeko deituko duen bilerara joango dira, planaren xehetasun guztiak ezagutu nahi dituztelako. Denis Itxaso PSEko ingurugiro idazkariak esan du hiru urte daramatzatela "alternatiba sinesgarri, errealista eta jasangarri baten zain".

EAJk bihar aztertuko du gaia, eta beraz, ez du gaiaren inguruko iritzirik plazaratu gaur. PPk, berriz, ez du gai honen inguruko adierazpenik egin nahi izan.

Albisteak (3)