Ekarpen subordinatuak
Kaltetuak: Mondragon Taldeko 'lapurrak' defendatu ditu Kontsumobidek
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute, bereziki Kontsumobiderena. Bankuen eta enpresen artean "itun bat" lortu dutela esan dute, "iruzurra jasan duten kaltetuak" kontuan hartu gabe.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fagorren eta Eroskiren mendeko ekarpenak erosi zituzten bezeroak biltzen dituen elkarteak, Kaltetuak elkarteak, salatu du Kontsumobidek "Mondragon Taldearen lapurrak" defendatu dituela eta kaltetuak "albo batera" utzi dituela.
Ehun bat kaltetu Eusko Legebiltzarraren aurrean bildu dira, Jon Darpon Osasun sailburua eta Elena Unzueta Kontsumobideko zuzendaria batzordera joan direlako, kaltetuen eskaerak aztertu ostean eskainiko dituzten irtenbideak azaltzera.
Jose Mari Amundarain Kaltetuak elkartearen Gipuzkoako bozeramaileak Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, bereziki Kontsumobiderena. Bankuen eta enpresen artean "itun bat" lortu dutela esan du, "iruzurra jasan duten kaltetuak" kontuan hartu gabe.
"Kaltetuak ez gara mahaian izan", adierazi du Amundarainek. Gainera, horren esanetan, Eusko Jaurlaritza eta alderdi politikoak "Mondragon Taldearen alde ari dira, Eroski eta Laboral Kutxa ez erortzeko"
Eroskik eskainitako irtenbideari buruz, berriz, "apurrak" direla adierazi du; inbertsioaren % 30 galtzea eragingo luke.
Kaltetuak elkartearen bozeramaileak esan du egoera kalean salatzen jarraituko dutela, eta modu indibidualean bide judizialetik jarraituko dutela. Izan ere, Bilboko auzitegi batek euren aldeko sententzia eman duen arren, "gaur egun" abokatu talde batek ere ez dituela modu kolektiboan defendatu nahi aitortu du.