Itxi

Denboralea Euskal Herrian

Berriz ere alerta laranja gurean, 7 metroko olatuengatik

Erredakzioa

Olaturik handienak larunbat goizalderako aurreikusi dituzte, eta elur-maila 1.000 metrotik behera kokatuko da. Donostian ireki egin dute Zurriolako zubia.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du gaur arratsaldean eta bihar arte mantenduko du, kostaldean 7 metro arteko olatuak espero baitira. Horregatik, aurreko denboraleetan kalte gehien pairatu zituzten herriek neurri bereziak iragarri dituzte asteburuari begira. Aurreikuspenen arabera, denboralearen unerik zailenak larunbat goizaldean eta eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 19:00etara izango dira.

Gipuzkoa

Olatu eta elur aurreikuspenen aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Larrialdi Plana jarri du abian, informazio eta jarraipenerako aurre-fasean.

Donostian, bestalde, berriz ere ireki dute Zurriolako zubia, arratsaldeko lehen orduan itxita egon ondoren. Udaleko Krisi Mahaiak, besteak beste, Salamanka pasealekuko zirkulazioa moztu du, Erregina Erregentearen kaletik, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Goizean edukiontziak kendu dituzte, kutxatiletan saretak jarri eta Principe zinema aretoko leihatila tabernan jarri dute. Autoak Zuloagako parkingean dituzten bizilagunei jakinarazi zaie autoak ateratzeko.

Zirkulazioa larunbat goizeko 07:00etara arte egongo da moztuta, printzipioz; une horretan, Jauregi Jeneralaren kalera atzeratuko da itxiera. Egoiliarrak eta zamalanak egin behar dituztenak 15:00etara arte sartu ahal izango dira; une horretan, Erregina Erregentearen kalean jarriko da muga berriro ere. Haizearen Orrazia eta Leizaola pasealekua ere itxiko dituzte. Ramon Maria Lili kalean hesiak jarriko dira. Kontxako lokalei egoeraren berri emango zaie, beharrezko neurriak har ditzaten.

Zarautz eta Getaria arteko oinezkoen pasealekua ere itxi egin dute, eta ixtear da Zarauzko malekoia ere.

Bizkaia

Getxon, Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak itsasaldeko arriskuagatik eta olatuen altueragatik oinezkoen igarotzea murriztuko du Arriluzeko moilatik Farora. Era berean, ekaitzaren garapenaren arabera, Ereagako pasealekua ere itxiko dute, Turismo Bulegoko egoitzatik Portu Zaharrera arteko zatian eta baita zirkulazioa Ola jatetxetik Portu Zaharrera ere, bi  noranzkoetan. Gauza bera gertatuko da bihar, 15:00etatik 19:00etara bitartean.

Bermeon ere neurriak hartu dituzte, eta Bilbon, berriz, Udalak ikastolen eta eskolen desfilea bertan behera utzi du, denboralea dela eta.

Nafarroa

Nafarroan, berriz, elurra kentzeko 39 makina dituzte prest, elur-maila 700 metrora jaisteko aurreikuspenaren aurrean.

Haizete indartsuak

Cerrojan 134 km/h haizeteak izan dira ostiral honetan, Matxitxakon 126 km/h eta Santa Klaran 109 km/h-ra iritsi dira.

Larunbat honetan, alerta laranjak jarraituko du sei eta zazpi metro arteko olatuengatik, 15:00ak eta 19:00ak artean. Ordu horretan gauerdira arte alerta horia bilakatuko da.

Astebururako iragarpena

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera, larunbata ere euritsu dator. Goizaldean elur-kota 1000 metrotik behera egongo da oraindik, goizean igoko da arin. Hego-haizea, hasieran ahul eta orduak pasa ahala gero eta indartsuago, arratsaldearen hasieran bolada gogorrekin; gero mendebaldera edo ipar-mendebaldera aldatuko da eta ahultzera egingo du. Tenperatura igoko da.

Igandean prezipitazioa urriagoa izango da eta tenperatura maximoak epelagoak izango dira. Egunaren hasieran euria egingo du, baina goiza aurrera joan ahala atertzera egingo du. Arratsaldean zaparradak itzuliko dira eta gauean indar handiagoz botako ditu. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldearen hasieran hego-mendebaldeko tarteekin. Tenperatura igo eta giroa epelagoa izango da, eguraldi motela izan arren.

Albisteak (1)

Bideoak (3)