Bakea eta bizikidetza
Bake prozesua geldi dagoela uste du euskal herritarren gehiengo batek
Erredakzioa
10 euskal herritarretatik seik bat egin du iritzi horrekin Bakea eta Bizikidetzaren inguruko Soziometroan. Bestalde, % 85en ustez, bakegintza Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu behar dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal herritarren erdiek baino gehiagok bake prozesua geldituta dagoela uste dute. Horixe da Eusko Jaurlaritzak Bakea eta Bizikidetzaren inguruan egindako 54. soziometroaren ondorioetako bat. Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak eman du horren berri. Zehazki, hamar herritarretatik seik uste dute prozesua geldituta dagoela.
Egoera desblokeatzeko faktoreen artean, desarmea, presoak hurbiltzea eta adostasun politikoak aipatu dituzte. Halaber, bakegintza Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako prozesua izatearen alde agertu da inkestan parte hartu dutenen % 85.
Gauzak horrela, euskal herritarren % 51k uste dute ETAren desarmea eta ondorengo desegitea aurrerapausoa litzatekeela bake prozesuaren bidean. Horren harian, Gobernuak presoen egoera hobetzeko erabakirik ez hartzearen ondorioz, prozesua oztopatu egiten dela uste dute galdetutakoen % 44k. % 39k, berriz, ez du uste ETAk armak ez uzteak eta desegitea ez iragartzeak egoerari oztopo egiten dionik.
54. soziometroa egiteko, 2.470 elkarrizketa egin dituzte etxebizitzetan, otsailaren 4a eta 12a bitartean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ETA desarmatzen hasi dela iragarri aurretik.
Presoen hurbiltzea
Presoen egoerari dagokionez, % 73 Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzearekin ados dago, eta % 71, gaixo dauden presoek askatzearekin. % 20rentzat, aldiz, presoek kartzela zigorrak osorik bete behar dituzte, eta % 4ren ustez, Gobernua "bigunegia" da presoekin.
Era berean, % 58ren iritziz, egindako mina onartzeaz gain, presoek oker egin dutela ere onartu behar dute.
Espainiako Gobernuari, kritikak
Jonan Fernandezek adierazi duenez, herritarrek ez dute begi onez ikusten Espainiako Gobernua bake prozesuan izaten ari den jarrera. Konkretuki, % 57ren iritziz, Gobernua "txarto edo oso txarto" ari da.
Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren arabera, "euskal gizartearen bizikidetzaren inguruan akordio etikoak eta demokratikoak lortzeko eremu zabala" dagoela da soziometroaren oinarrizko datuetako bat. Hori dela eta, gizarte mailan adostasuna lortzeak politika mailan ere lortzea ekarriko duela uste du Jonan Fernandezek.