Indarkeria matxista Euskadin
Andina Pereira, indarkeria matxistaren lehen biktima 2014an
Erredakzioa
35 urteko emakume brasildarra zen, eta bi seme-alaba adingabe zituen.
Andina Pereira de Brita, astelehen honetan Mungian (Bizkaia) ustez bikotekide ohiak hil duen emakumea, indarkeria matxistak aurten Euskadin utzi duen lehen biktima da.
35 urteko emakumea Brasilgoa zen jatorriz, eta 7 eta 10 urteko bi seme-alaba zituen, aurretik izan zuen beste bikotekide batekin izandakoak.
Biktima duela gutxi joan zen Iturribide kalera bizitzera. Horren familia Rio de Janeiron bizi da.
Lagun batek azaldu duenez, Andinak "beldurra" zuen, mutil-lagun ohiak "behatu" egiten zuelako eta "inorekin hitz egitea" debekatu ziolako. Gainera, "deprimituta" zegoen, gizonak kontrolatu egiten zuelako, emakumeak harremana hautsi nahi zuela esan bazion ere.
"Ezinezkoa zuen kalera ateratzea edo norbaitekin hitz egitea; beldur zen. Gizonak debekatu egin zion inorekin hitz egitea. Kendu egin zion sakelako telefonoa, eta beste linea bat kontratatu zion, berak bakarrik izateko zenbakia", esan du.
Lagunaren hitzetan, Andinak mantendu behar zituen bi seme-alabak, gizonezkoak ez baitzuen zeregin horretan lagundu nahi.
2002. urtetik, 32 emakume hil dituzte Euskadin. Azken hilketa matxista iazko maiatzean jazo zen. Orduan, gizon batek Amagoia Elezkano (49 urte) hil zuen, 18 hilabeteko haurtxo bat umezurtz utzita.
-------
Tratu txarrak pairatzen badituzu, jarraitu gida honetako aholkuak edo deitu 016 edo 900 840 111 telefonoetara. Doakoak dira eta ez dute aztarnarik uzten fakturan.