Itxi

Zabortegi batean

Marta del Castilloren gorpua aurkitzeko lanak, berriz martxan

Guadalquivir ibaiaren alboan dagoen zabortegi batean hasi dira berriz bilaketa lanak. Aurreko astean 1.500 metro karratuko lursail bat aztertu zuten.

Induskatzeko makina bat, Marta del Castilloren gorpuaren bila. Argazkia: EFE

Polizia Nazionalak martxan jarri ditu berriz Marta del Castillo gazte sevillarraren gorpua bilatzeko lanak. Aurreko astean 1.500 metro karratuko lursail batean aritu ziren, Guadalquivir ibaiaren alboan dagoen zabortegi batean, Camas eta Sevilla udalerrien artean.

Polizia Nazionalaren bozeramaile batek esan duenez, induskatzeko makina batez ari dira lanean 09:00etatik aipatutako lursailean. 1.500 metro karratuko lursaila da eta heren bat aztertu dute dagoeneko.

Miguel Carcaño Herrera de la Manchako espetxetik Sevilla-Iera eraman zuten martxoaren 13an. Dirudienez, gutxienez bi aldiz eraman dute kartzelatik zabortegi horretara, lanetan laguntzeko.

Poliziak "egiaren testa" izenarekin ezagutzen duten probaren emaitzak jaso ondoren hasi dira bilaketa lanak berriz ere, baina Poliziak aurretik ere esku artean zerabilen gorpua zabortegian izan zitekeen hipotesia. Jose Ramon Valdizan neurologo eta neurofisiologoak egin dio Carcañori proba hori.

Polizia inguru horretan lanean zebilen urtarriletik, baina duela astebete hasi da lanean bertan induskatzeko makina.

Martxoaren 6an egin zioten Miguel Carcañori proba hori, Zaragozan. 2009an desagertutako gazte sevillarraren gorpua non ezkutatu zuen jakiteko.

Albisteak (3)