Sevilla
Del Castilloren aitona: 'Badirudi hezur arrastoak gizakiarenak direla'
Erredakzioa
Epailea eta Polizia Zientifikoa bertaratu dira. Azken horiek aztertuko dute hezurrak pertsona batenak diren.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jose Antonio Casanueva Marta del Castilloren aitonaren esanetan, bart aurkitu dituzten hezur arrastoek "gizakiarenak" dirudite, Espainiako Poliziako kide batek azaldu dionaren arabera. Hala ere, "suziririk" ezin dela oraindik jaurti gaineratu du.
"Bera izan dadila. Denerako prest gaude, eta oraindik ezin dugu suziririk jaurti, baina bere hezurrak ez badira, bila jarraituko dugu", esan du Casanuevak bere etxeko atarian, Camasen egon ostean.
Casanueva Camasen izan da goizean, ikerketaren berri bertatik bertara jasotzeko, eta, horren hitzetan, Poliziak "albiste onak" eman dizkio; izan ere, "dirudienez, arrastoak gizakiarenak dira", baina "orain Polizia Zientifikoak aztertu behar ditu".
Orain, familia etxean omen dago, "oso urduri" eta "albistea noiz iritsiko zain". "Zain gaude arrastoak gizakiarenak diren edo ez jakiteko, eta, izatekotan, adingabe batenak diren edo helduarenak", esan du.
Horren arabera, "esperantza handia dugu orain, zerbait aurkitu dugu. Gainera, beti egin izan dut Camasen aldeko apustua, Miguel Carcaño askotan ibiltzen baitzen inguru horretan".
Ikerketa
Testuinguru horretan, batzorde judizialak (epaileak, idazkariak, Sevillako Poliziak eta Polizia Zientifikoak osatzen dute) lanean jarraitzen du Guadalquivir ondoan, hezurrak aurkitu dituzten lekuan, eta karpak altxatu dituzte bertan, ikertzen jarraitzeko.
Hezurrak eramango dituzte
Polizia Zientifikoak auzitegi medikuarenera eramango ditu bertan aurkitutako hezurrak, nahiz eta oraindik ez duten baieztatu gizakiarenak edo animaliarenak diren.
Poliziak kazetariei jakinarazi dienez, neurri ezberdinetako hezurrak aurkitu dituzte, eta Polizia Zientifikoa hezurrak garbitzen, sailkatzen eta gordetzen ari da, datozen orduotan Auzitegi medikuarenera bidaltzeko.