Desagerpena Belgikan
Hodei Egiluzen gurasoek Errege Etxeari laguntza eskatu diote
Erredakzioa
Felipe Asturiasko printzea Bilbon izan zen maiatzaren 19an. Pablo Egiluz Hodeiren aitak semearen kasua azaldu eta desagertua bilatzeko laguntza eskatu zion.
Hodei Egiluzen gurasoek Errege Etxeari semea aurkitzeko laguntza eskatu diote. Galdakaoko gaztea duela zazpi hilabete desagertu zen, Belgikan.
Pablo Egiluz Hodeiren aitak gaur azaldu duenez, Felipe Asturiasko printzea Bilbon izan zen maiatzaren 19an, eta, bisita hori baliatuz, semearen kasua azaldu eta desagertua bilatzeko laguntza eskatu zion pertsonalki. Galdakaoko Udalak elkarrizketa ohar batean laburbildu du.
Horrela, Hodeiren aitak printzearekin hitz egiteko aukera izan zuen Arriaga Antzokian, Novia Salcedo Fundazioaren sariak entregatzeko zeremonia aprobetxatuta.
Elkarrizketak bost minutu iraun zuen, eta semea bilatzeko lanean Belgikako Poliziak pista berriak aurkitu dituela jakitera eman zion Pablo Egiluzek printzeari. Bestalde, "komunikabideen jarraipena" garrantzitsua zela ohartarazi zion.
"Aita bezala" Hodeiren gurasoak "pasatzen ari diren egoera zaila" ulertzen zuela adierazi zion printzeak, Pablo Egiluzek azaldu duenez.
"Adeitsua"
Printzea "adeitsu eta gertuko" agertu zela esan du Egiluzen aitak. "Bostekoa emanda" esan zioten agur elkarri, kontatu du Pablo Egiluzek. Kasuaren xehetasunak ezagutzeko bere laguntzaileekin hitz egin behar zuela esan zion printzeak.
Gainera, Egiluzen aitak Iñigo Urkullu lehendakariari "Eusko Jaurlaritzaren lana" eskertu zion.