Itxi

Programa

Jaurlaritzak adingabeak heziko ditu alkoholaren kontsumoa murrizteko

Erredakzioa

Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dute 'Adingabeak eta alkohola' programa, adingabeen artean alkoholaren gehiegizko kontsumoa eteteko helburuarekin. 15,8 eta 17,1 urte artean hasten dira gazteak edaten.

15,8 eta 17,1 urte artean hasten dira gazteak alkohola edaten.

Eusko Jaurlaritzak adingabeak heziko ditu, gazte asko biltzen diren ekitaldi jendetsuetan alkoholaren kontsumoa eteteko agente aktibo gisa aritzeko.

Guillermo Viñerga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak eta Miren Dorronsoro Osasun Publikorako eta Menpekotasunerako zuzendariak 'Adingabeak eta alkohola' programaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur Legebiltzarrean. Programa maiatzaren amaieran onartu zuen Jaurlaritzak.

Planaren helburua adingabeen artean alkoholaren kontsumoa etetea da, osasun publikorako arazo bilakatu baita.

Viñergak eta Dorronsorok azpimarratu dute osagai hezitzaile asko dituela planak, eta hartutako neurrien eragina epe ertain eta luzera ikusiko dela.

Gipuzkoako ikastolen jaian izandako esperientzia batean oinarritu da neurrietako bat; horrekin, hainbat gazte heziko dira mota horretako ekitaldietan euren adineko gazteei alkoholaren kontsumoaren inguruko informazioa eman eta gehiegi edatearen arriskuak azaltzeko.

Dorronsorok azaldu duenez, prozesu neketsua izango da, "ardura eta esfortzu" asko beharko dituena, baina planak helburu dituen printzipioak hedatzeko oso eraginkorra.

Udarako EAEn aurreikusita dauden 60 ekimenetan hezitako gazteak egotea espero dela iragarri dute, intoxikatutako adingaberik egon ez dadin.

Sailburuordeak jakinarazi duenez, atzo ospatu zen Araba Euskarazen, zortzi adingabe artatu zituzten intoxikazio etilikoengatik; horietatik sei, neskak. Bizkaian duela gutxi ospatutako Ibilaldian, aldiz, 20 adingabe intoxikatu ziten; horietatik 16, neskak.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, nerabezaroan sartzean hasten dira gazteak alkohola kontsumitzen, eta 16 eta 18 urte arteko gazteen % 80k edaten du.

Hamar gaztetik zortzik alkohola probatzen du adin nagusitasunera iritsi baino lehen, eta 14 eta 15 urte arteko gazteen erdiak kontsumitzen ditu edari alkoholdunak.

Gizonezkoen artean, batez beste 15,8 urterekin hasten dira alkohola edaten; emakumeen artean, aldiz, 17,1 urterekin. Lehenengo mozkorraldia, berriz, 14 urterekin izaten dute, batez beste.