Ekitaldi solidarioa
Hodei Egiluzen aldeko elkartasun ekitaldian bildu da Galdakao
Erredakzioa
Musika jaialdia izan da oraingoan, hilero Egiluz bilatzen jarraitzeko Hodeiren Bila taldeak egindako kontzentrazioaren ordez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mila bat pertsonak bat egin zuten atzo Galdakaoko Urreta kiroldegian, Hodei Egiluz gaztearen alde antolatutako musika eta literatura jaialdian. Zortzi hilabete dira jada Anberesen desagertu zela, 2013ko urriaren 19an desagertu baitzen.
Gari (abesti bat egin du hari eskainita), Mikel Urdangarin eta Eñaut Elorrieta musikariek ekitaldi honekin bat egin zuten, baita Kirmen Uribe idazleak eta Arkaitz Estiballes bertsolariak ere, eta Galdakaoko ingeniaria bilatzen jarraitzeko eskatu zuten guztiek.
Elkartasun ekitaldia 19:30ean hasi zen, Urretako kiroldegian, eta galdakoztarraren bila jarrai dezaten eskatzeko Hodeiren Bila taldeak hilero, hilaren 19an, egiten duen kontzentrazioaren ordez egin zuten.
Edukiera muga kontuan hartuta, antolatzaileek 1.000 sarrera banatu zituzten doako ekitaldirako. Horrenbeste jende joan izanak agerian utzi zuen, berriz ere, Hodeiren desagerpena Galdakaon eta Bizkaiko beste hainbat herritan izaten ari den jarraipena.
Kamisetak salgai
Bertaratu zirenek Hodeiren irudia Europan zabaltzen laguntzeko, taldeak Hodeiren aurpegia duten kamisetak jarri zituen salgai bertan.
Koldo Ezkerra Hodeiren Bila taldeko kideak jakitera eman zuenez, ekainaren 1ean, Ibilaldia eta Euskal Eskola Publikoaren Jaia egin zirenean, Gernikan eta Balmasedan, 900 pertsonak bi liburu sinatu zituzten, gazteari eta haren familiari elkartasuna erakusteko.
Liburu horiek Hodeiren Bila taldeak jarri zituen, erakusketa batzuetan, eta euskal idazle eta bertsolariek Belgikako agintariei Hodeiren bila jarraitzeko lanean amorerik ez ematea eskatu zieten bertan.
Ez da pista berririk oraingoz
Maiatzean, Belgikako Poliziak Hodei desagertu ostean hura ikusi zutela zioten lekuko berrien testigantzak izan bazituen ere, Hodeiren Bila taldeak ez du pista berririk aurkitu.
"Ez dakigu ezer. Hodei ikusi zutela zioten lekuko berriak agertzeak itxaropena eman zigun, baina ez dago pista berririk", azaldu du Hodeiren Bila taldeko kideak.