Akordioa
Ertzaintzaren eta Foru Poliziaren arteko koordinazioa areagotuko da
Erredakzioa
Lankidetza-protokoloa sinatu dute, bi polizia-kidegoen arteko koordinazioa areagotzeko eta informazioa, esperientziak eta baterako operazioak trukatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak lankidetza-protokoloa sinatu dute Ertzaintzaren eta Foru Poliziaren arteko lankidetza hobetzeko eta akatsak ekiditeko.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Javier Morras Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Justizia eta Barne sailburuak sinatu dute akordioa Arkauten. Beltran de Herediak eta Morrasek adierazi dutenez, jada bi segurtasun indarrek zuten harremana ona zen, baina akordio berriari esker, harremana “sendotu” egingo da eta “azkartasunean eta eraginkortasunean” irabaziko da.
Herediak nabarmendu duenez, “herritarren mugikortasunak ez du mugarik, ez eta delinkuentziak ere”. Hori dela eta, herritarrei segurtasun gehiago ematearen alde agertu da eta hori lortzeko “ezinbestekotzat” jo du elkarlana.
Akordioari esker, bi polizia-erakundeen arteko informazio-trukea hobetu egingo da eta jada dauden esperientzietan, bai profesionaletan, bai teknikoetan bai eta hezkuntza arlokoetan ere, aurrera egingo da. Bi erakundeen arteko solaskideak ere zehazten ditu akordioak, erreserbatutako informazioa partekatu ahal izateko.
Bi erakundeen arteko elkarlana ondorengo arloetan izango da: prebentzioa, antolatutako talde kriminalen aurkako ekintzak, terrorismoa, ohiko delinkuentzia, genero indarkeria eta zirkulazioa eta trafikoa.
Morrasek azpimarratu duenez, “segurtasun eta emergentzia arloan ezin da oztoporik izan”. Elkarlanerako protokoloa ezartzearen garrantzia azpimarratu du, “akatsak ekidingo baitira eta erantzunak hobetu”.