Batzar Nagusiak
Gipuzkoa 'fracking' gabeko lurralde aitortu dute Bilduk, PSEk eta PPk
Erredakzioa
'Fracking'aren kontrako Bilduren mozioa eztabaidatu dute Batzar Nagusiek. Ekimenak PSEren eta PPren babesa jaso du; izan ere, Alderdi Popularraren zuzenketa bat onartu dute guztiek.
"Gipuzkoa 'fracking'ik gabeko lurralde" aitortzeko ebazpena onartu dute Bilduk, Aralarrek, PSEk eta PPk Batzar Nagusietan. EAJk, ostera, ez du ekimena babestu eta osoko zuzenketa bat aurkeztu du.
Bilduk teknika horren kontra aurkeztutako mozioa eztabaidatu du osoko bilkurak. Ekimenak PSEren eta PPren babesa jaso du, Alderdi Popularraren zuzenketa bat onartu ondoren.
Ebazpenaren arabera, 'fracking'ak "ingurumenari kalte ikaragarria egiten dio" eta "baliabide energetiko gutxi lortzen ditu". Horregatik, ebazpenak teknika debekatzea eskatzen du, koalizio abertzaleak agiri batean jakitera eman duenez.
PPk testua onartzeko puntu bat proposatu du. "Energia berriztagarrien erabilera sustatzeko politikak martxan jartzea" eskatu dio Aldundiari, eta horretarako, aurrekontuetako partida bat bideratzea eskatu du PPk.
Osoko zuzenketa
Bestalde, EAJk osoko zuzenketa aurkeztu du. Eusko Jaurlaritzari batzorde zientifiko independente bat sortzea eskatu diote jeltzaleek zuzenketan, "gasa erauzteko haustura hidraulikoaren garapen teknikoa" aztertzeko.
Teknikaren ustiapen eta ikerketa egitasmoak "ingurumen araudia" errespetatuz garatzea eta kontrolatzea eskatu du EAJk, ingurumena "erabat errespetatzeko".