Isuna
Deskargako istripuagatik 1,6 milioiko isuna jarri dio Aldundiak UTEri
Erredakzioa
Gipuzkoako Aldundiak uste du zigor horrek "eredu" gisa balioko duela, "obra publikoetako lan istripuekin amaitzen lagunduko duen zigorra" izango baita.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gipuzkoako Aldundiak 1,6 milioi euroko isuna jarri dio UTE Unión Temporal de Empresasi, Deskargako GI-632 errepideko obren esleipendunari, irailaren 18an Deskargan langile bat hil zen lan istripuagatik.
Martxoan, sindikatuetako ordezkariek eta instituzioek osatutako obren jarraipenerako batzordeak proposatu zuen zigor berbera da gaur ezarritakoa.
Ezbeharra Aldundiak esleitutako Deskargako errepideko eraikuntza lanetan gertatu zen, eta neurri gisa, langilearen Aballa S.L. enpresa obretatik kentzea erabaki zuen. Moyua eta Antzibar enpresek osatutako UTE Lapatzak azpikontratatuta zeukan Aballa S.L.
"Badakigu isuna oso altua dela eta diru asko dela, baina aurrekari gisa balio behar du, ezin baita obra publikoetan orain arte bezala jarraitu", azaldu zuen Larraitz Ugarte Azpiegituretako diputatuak martxoan, isuna proposatu zenean.
Orduan argi utzi zuen zigor horrek "eredu" gisa balioko zuela, "obra publikoetako lan istripuen gaitzarekin amaitzen lagunduko duen zigorra" izango baitzen.
Arduradunak azaldu zuen isunaren zenbatekoa erabakitzeko beharrezkoa izan zela klausula batera "atxikitzea". Aldundiak kontratatutako enpresei sektoreko hitzarmenak ez betetzeagatik zigor ekonomikoak jartzeko araua onartu aurretik, kontratuetan jaso ziren klausula horiek.
Klausula horren arabera, obraren prezioaren % 10erainoko isunak jartzeko aukera dago; Deskargako errepidearen kasuan, 40 milioi euroko esleipen prezioa dauka, eta isuna % 4koa izan da.
Larraitz Ugartek gaur azaldu duenez, jarraipen batzordearen proposamenaren ostean, amaitu da erreklamazioak eta kexak aurkezteko epea; beraz, zigorra irmoa da, ez baita "justifikaziorik" egon isuna bertan behera uzteko.
"Osalanen eta Ikuskaritzaren istripuaren inguruko txostenak erabakigarriak" direla adierazi du. "Argi uzten dute UTEk erantzukizuna duela Aballa S.L. enpresak egin beharreko eta egin ez zuenaren gainean. Istripua eragin zuen makineria ez zegoela egoera onean jakiteko beharrezko mekanismoak zituen, baina hala ere ez zuen zuzen jokatu".
Diputatuak gogorarazi du isun horrekin amaitu den administrazio prozesuaz gain, zigor izaerako prozesu bat zabalik dagoela Bergarako auzitegian, eta "independentea" dela Aldundiak ezarritako zigorretik.
Bestalde, Ugartek iragarri du Aldundiak ez duela ordainlekurik ezarriko datorren urtean zabalduko den Deskargako errepidearen zatian.