Anberesen desagertu zen
Hodei Egiluzen aldeko bizikleta martxa izango da Belgikan eta Holandan
Erredakzioa
Txirrindulariek Anberes, Breda, Rotterdam, Haga, Roosendaal eta Brujas hiriak igaroko dituzte, eta bidean Hodei Egiluzen desagerpenaren inguruko informazioa banatuko dute.
Hodei Bila elkarteak bizikleta martxa bat antolatu du abuztuaren 18tik 30era Holandan eta Belgikan, urriaren 19an Anberesen desagertutako Hodei Egiluz gazte galdakoztarraren irudia zabaldu eta bilaketa arindu asmoz.
Bidean zehar, Hodeiren desagerpenaren inguruko informazioa banatuko dute parte-hartzaileek, "kasuak hedabideetan ahalik eta oihartzunik handiena lortu eta gaia eguneroko agendan presente egon dadin", Galdakaoko Udalak azaldu duenez.
Edonork egin dezake bat Bruselatik abiatuko den ekimenarekin. Handik, txirrindulariek Anberes, Breda, Rotterdam, Haga, Roosendaal eta Brujas hiriak igaroko dituzte, eta berriro Belgikako hiriburura itzuliko dira.
Uztailaren 30a baino lehen eman beharko da izena ekimenean parte hartzeko, eta txirrindulariek euren kabuz gerturatu beharko dute Bruselara. Taldearekin bat egin eta itzulia eman ostean, etxerako bidea ere nahi duten garraiobidean egingo dute.
Hodei Egiluzen aldeko biran, aterpetxe eta kanpinetan igaroko dituzte gauak.
Egiluz 2013ko apirilean joan zen Anberesera, bertako Createlli enpresan lan praktikak egiteko. Ekainean, lan kontratu bat eskaini zioten.
Urriaren 19an ikusi zuten azken aldiz, hiriaren iparraldean.
Egiluz desagertu eta gutxira, Galdakaoko Hodei Bila elkarteak ekimen ugari antolatu ditu gaztea aurkitzeko ikerketa bertan behera gelditu ez dadin.