Osasun zerbitzuak
Bere zentroetan murrizketak egin dituztenik ukatu du Osakidetzak
Erredakzioa
"ELAk herritarren artean zabaldu nahi duen alarma" deitoratu du Osakidetzak. Abuztuan ospitaletako 1.170 ohe baino gehiago itxi behar dituztela salatu du sindikatu abertzaleak.
Bere ospitaleetan zein osasun zentroetan "murrizketarik" egin ez duela ziurtatu du gaur Osakidetzak. ELA sindikatuak, ostera, kontrakoa salatu du gaur.
"ELAk herritarren artean zabaldu nahi duen alarma" deitoratu du Osakidetzak agiri batean. Abuztuan ospitaletako 1.170 ohe baino gehiago itxi behar dituztela salatu du sindikatu abertzaleak.
Osakidetzaren hitzetan, "urte osoan bezalaxe artatzen jarraitzen da, behar duten pertsona guztiek zerbitzua erabili dezakete, betiko kalitatearekin".
"Baliabideak herritarren beharrizanak betetzeko aproposak dira eta funtzionatzen ari dira. Inor ez dute ospitaletik kanpo utzi, ospitaleratzea beharrezkoa baldin badu", adierazi du Osakidetzak.
Ebakuntzak normaltasunarekin programatzen dira, larrialdi zerbitzuak ez daude jendez gainezka eta lehen arretako ordutegien birmoldaketa eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka mantentzeko egin dute, Osakidetzak ziurtatu duenez.