Polemika
SOS Arrazakeriak Marotori:'Esandakoa fiskalaren aurrean zuzendu ezazu'
Erredakzioa
Hauteskundeetan irabaziak lortzeko asmoarekin gai hau erabili nahi duela salatu du elkarteak, eta "euren iritzian ilararen azken postuan daudenak txikitu gabe" Alkatetza lortzeko eskatu dio.
Javier Maroto Gasteizko alkateak etorkin magrebtarren inguruan esandakoa Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiaren aurrean zuzentzeko eskatu du SOS Arrazakeriak. Marotok etorkin magrebtarrek laguntza sozialak gehiegikeriaz erabiltzen dituztela esan eta berretsi egin du.
Kolektibo honen bi ordezkarik prentsaurrekoa egin dute gaur, asteartea, Calparsorok Marotoren adierazpenak (etorki magrebtarrak diru-laguntzen kontura bizi direla, lana bilatzeko asmorik gabe, esan zuen) ikertzeko eginbideak abiarazteko erabakia baloratzeko.
Elkartearen ustean, "egokiena, bidezkoena eta zuzenena" izango litzateke Marotok "pentsatutako, mantendutako, iragarritako eta berretsitako" adierazpenak zuzentzea.
Raimon Manzano eta Fede Garcia SOS Arrazakeria elkarteko bozeramaleek positibotzat jo dute Fiskaltzak kasu hau ikertzeko hartutako erabakia, eta alkateari "iruzurraren akusazio larrien" frogak aurkezteko eskatu diote.
Gainera, Udal-gobernuko gainerako taldeei Maroto "pertsona non grata" izendatzeko proposamena babesteko deia egin die SOS Arrazakeriak, "justifikaziorik gabe, behar eta nahi ez diren herritarren arteko liskarrak sustatzeagatik".
Gainera, hauteskundeetan irabaziak lortzeko asmoarekin gai hau erabili nahi duela salatu du elkarteak, eta "euren iritzian ilararen azken postuan daudenak txikitu gabe" Alkatetza lortzeko eskatu dio.