Itxi

Hodei Egiluz auzia

Egiluzen familiak 10.000 euro eskaini ditu informazioaren truke

Erredakzioa

2013ko urriaren 19an ikusi zuten azkenekoz, Belgikako Anberes hirian.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hodei Egiluzen familiak 10.000 euroko diru-saria iragarri du ia duela urtebete Anberesen (Belgika) galdu zen gaztea aurkitzeko informazioa ematen duenarentzat.

"Informazio, pista edota ohar guztiak Belgikako Polizia Federalari jakinarazi beharko zaizkio, telefono bidez, egiaztatuak izan daitezen (0800/30300)", iragarri du Pablo Egiluz gazte galdakoztarraren aitak.

Emandako datuek Hodei bizirik edo hilik aurkitzea ahalbidetzen badute, gurasoek 10.000 euroak zortzi eguneko epean informazioa eskaini duenari emateko konpromisoa hartu dute.

Pablo Egiluzen iritziz, diru-saria Hodei Egiluz aurkitzeko bidean "pauso bat gehiago da" eta "urrats hori egiteko momentua zen". Diruak bultzatuta, norbait informazioa ematera animatu daitekeen itxaropena agertu dute gurasoek. Ekimena Belgikako Poliziarekin elkarlanean egingo dutela nabarmendu du, izan ere, beraiek kudeatuko dute jasotako informazio guztia.

Bestalde, Frank Merneffe familiaren abokatuak azaldu duenez, diru-saria eskaintzea familiaren ekimena izan da.

Duela ia urtebete galdu zen Anberesen

2013ko urriaren 19an, Anberesen lagunekin afaldu ostean, agur esan zuen Hodei Egiluzek, eta etxerantz abiatu zen, 02:00ak aldean.

Iragan maiatzean lekuko berri batzuek kasua irauli zuen. Ordura arte, Hodei Egiluzen arrastoa kai inguruan galdu zela uste zuten ikerlariek, segurtasun kameren irudietatik abiatuta. Lekuko berriek 04:30 inguruan Hodei Egiluz tabernen kalean ikusi zutela adierazi zuten, ordea, eta, beraz, ikerketak beste norabide bat hartu zuen. Dena den, ikerlariek ez dakite 04:30etik aurrera zer gertatu zitzaion gazte galdakoztarrari.

Segurtasun kamerek grabatutako irudi batzuk argitaratu zituzten. Irudi horietan Hodei Egiluz Anbereseko MAS museoaren inguruetan ikus daiteke, bakarrik eta nahasita. Gau hartan gaztearekin hitz egin zuten lekukoek azaldu zutenez, nahasita ikusi zuten gaztea eta Poliziari edo taxi bati deitzea proposatu zioten, baina erantzuten ez zuela ikusita, bertatik alde egitea erabaki zuten.

Ingeniaritza ikasketak amaitu ostean, Hodei Egiluz Anberesera joan zen praktikak egitera 2013ko apirilean, eta, ondoren, bertan lan-kontratu bat eskaini zioten.

Albisteak (5)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)