Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

'Ziur aski, Espainiak ez du protokoloa modu egokian jarraitu'

IKER GOMEZ / EITB.EUS

Teresa Romero erizainaren kasuan, "zerbait gaizki egin da", Jose Maria Echevarria Sierra Leonan ebola duten pertsonak artatzeko zentroaren zuzendariaren hitzetan.

Jose Maria Echevarria Sierra Leonan ebola duten pertsonak artatzeko zentroaren zuzendariaren iritziz, "ziurrenik" Espainiak protokoloa “jarraitu behar den moduan ez du jarraitu” Teresa Romero erizainaren kasuan. “Zerbait gaizki egin da, bestela, ez dut ulertzen”, erantsi du.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, medikuak pausoz pauso azaldu du Sierra Leonan jarraitzen duten protokoloa.

“Jantzi berezia janzteko hamar minutu ematen ditut eta, nire ondoan, jantzia nola jarri behar dudan gogoratzen didan pertsona bat dago. Nire azala erabat estalita dagoela gainbegiratu behar du pertsona horrek. Arrisku-gunetik ateratzean, 20-25 minutu erabiltzen ditut jantzia kentzeko, eta bi pertsona daude ondo egiten dudala ziurtatzeko”, azaldu du.

Sierra Leonan protokolo “zorrotza” jarraitzen dute egunero, “baina ez dakit Espainiak protokoloa ondo aplikatu duen”.

Gaixoak artatzeko ez dagoela “mirarizko serumik” eta Afrikako herrialde horretan “gaixoaren hidratazioa” aplikatzen dutela berretsi du doktoreak.

Bertan dituzten instalazio eta azpiegiturei buruz, Espainiak seguruenik baldintza hobeak dituela onartu du. “Baina Espanian arrisku-gunea isolatu ez badute, ez du ezertarako balio instalazio eta baldintza hobeak izateak”, esan du.

Sierra Leonan egoera “oso txarra” dela eta “orduero bost pertsona kutsatu” egiten direla zehaztu du Etxebarriak. “Azaroan orduero 10-12 gaixo berri izatea espero da”, gaineratu du.

Albisteak (3)

Audioak (1)