Bilera
Marotok laguntza sozialak zorrozteko proposamena azaldu dio Urkulluri
Erredakzioa
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta "zuzentzeko neurriak" Eusko Legebiltzarrean proposatzeko eskatu dio lehendakariak Marotori. Errentaren inguruan sortutako polemikarekin "kezkatuta" agertu da Aburto.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Javier Maroto (PP) Gasteizko alkatea Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu da gaur, hainbat gai aztertzeko; Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, inbertsioak eta frackinga, besteak beste.
Fiskaltzak ikerketa abiatu du Marotoren aurka. Izan ere, marokoarrek eta aljeriarrek ez dutela lanik egin nahi eta laguntza sozialez baliatzea nahiago dutela esan zuen Gasteizko alkateak, eta adierazpenok delitu ote diren argitu nahi du fiskalak.
Azken asteetan, Marotok laguntza sozialak zorroztea eskatzeko kanpaina abiatu du. Besteak beste, bizitoki baimena ez duten atzerritarrei eta EAEn erroldatuta 10 urte baino gutxiago daramatzatenei diru-laguntzak ukatzea proposatu du.
Urkullurekin bildu ostean, Marotok "kalearen indarra"ri helduko diola adierazi du prentsaurrekoan, sinadura bilketa egingo baitu, neurriok Eusko Legebiltzarrera eraman ahal izateko.
Horren esanetan, lehendakariak sinadura bilketa hori ez abiatzea eskatu dio, baina Marotok aurrera egingo du, "gainerako alderdiak mugiarazteko".
PP ez beste alderdiak Gasteizko alkatearen proposamenen aurka agertu dira, "populistak" eta kohesio sozialarentzat kaltegarri direla iritzita.
"Zorroztasuna eta erantzukizuna"
Bestalde, sinadura bilketa hasi beharrean atzerapenik gabe Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta "zuzentzeko neurriak" Eusko Legebiltzarrean proposatzeko eskatu dio lehendakariak Marotori, "premiazko gai garrantzitsua" dela uste badu behintzat. Urkulluren hiztetan, sinadura bilketak ekimena atzeratu, ezberdintasunetan sakondu eta "krispazioa" areagotuko lituzke.
"Gai honetan zorroztasuna eta erantzukizun instituzionala" eskatu dio lehendakariak Javier Marotori, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez. Gasteizko alkatea izateaz gain, legebiltzarkidea dela gogorarazi dio Urkulluk Marotori. Ondorioz, araudia aldatzeko proposamenak "berehala" aurkezteko aukera du alkateak.
Zentzu horretan, proposamenik aurkezten ez baldin badu "susmagarria" litzatekeela uste du lehendakariak. Eztabaida publikoa hilabeteak luzatzeko interes pertsonala izan dezake Legebiltzarreko gehiengoa bermaturik ez duelako, Urkulluren ahotan.
Gizarte laguntzak hobeto kontrolatzeko datu "konkretuak" eskaintzeko eskatu dio lehendakariak alkateari. Era berean, "legez kanpoko egoerak salatzearekin batera, haiek zuzentzeko informazioa ematea jarrera arduratsua eta konstruktiboa izango litzatekeela", gaineratu du.
Aburto, "kezkatuta"
Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan sortutako polemikarekin "kezkatuta" agertu da Juan Maria Aburto Gizarte Politikarako sailburua. Zentzu horretan, diru-laguntzak aurrera eramateko 1989an lortutako adostasuna berreskuratzea eskatu die sailburuak alderdiei.
Alderdi popularrak sinadura bilketaren formula aukeratzea "ezustean" hartu duela onartu du sailburuak; izan ere, PPko legebiltzarkideek "edozein egunetan" proposamena bultza dezakete Gasteizko Ganberan.