Osinbeltzeko harrobian
Zestoan jarriko du Diputazioak Gipuzkoako bizigabeen zabortegia
Erredakzioa
Biltegian "kiratsik gabeko eta ingurumenari kalterik egingo ez dion" materiala jasoko dute eta "lurraldean zabalik dauden beste hiru zabortegiak ixtea" ahalbidetuko du.
Gipuzkoako Diputazioak Zestoan ipiniko du materia bizigabea bilduko duen zabortegia. Zubietako tratamendu mekaniko-biologiko plantatik igaro eta gero birziklatu ezin daitekeen zaborra "kiratsik gabeko eta ingurumenari kalterik egingo ez dion" material bihurtuko da.
Diputazioak bidalitako ohar batean jaso dutenez, bizigabeen zabortegia Osinbeltz harrobian egingo dute, erabili gabe dagoen leku hori "berreskuratzeko asmoz".
Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatua Leire Etxeberria (Bildu) Zestoako alkatearekin bildu da gaur, astelehena, baita Udaleko beste kide eta oposizioko kide batzuekin ere, Diputazioaren planen berri emateko.
Biltegian "kiratsik gabeko eta ingurumenari kalterik egingo ez dion" materiala jasoko dute, Zubietako tratamendu mekaniko-biologiko plantatik igaro eta gero, han oxigenoa eta likidoak kenduko baitiote zaborrari.
Diputazioaren arabera, Zestoako zabortegia "irtenbide garbia eta jasangarria" izango da, eta "alternatiba bat erraustegiaren aurrean, eta horrek ekarriko lukeen errauts toxikoen zabortegiaren aurrea".
"Halaber, egun lurraldean martxan dauden hiru zabortegiak ixtea ahalbidetuko luke", esan du Diputazioak, eta Zestoako bizilagunek "Osinbeltz harrobiaz gozatu" ahal izango dute berriz ere.
Gainera, hiru konpost planta ere eraikitzea dute helburu, gaur egun, Gipuzkoak sortzen duen konposta biltzeko tokirik ez baitago (iaz 12.000 tona bildu zuten eta planta bakarrak 3.500 bildu ditzake) eta asmoa kopuru hori handitzea da.
Zubietako planta eraiki behar zen lursailaren ondoan, 170.000 tona hondakin erabiliko duen planta bat egin nahi dute. Planta horren helburua berezirik ez dauden hondakinak bereiztea izango da, eta nahasitakoak sortzen duten kutsadura garbitzea.